“Nissanen itxierak Mercedes edo Michelin bezalako industrien ezinbesteko trantsizio ekologikoari aurre egiteko premiaz ohartarazten gaitu”: José Ramón Becerra.

  • EQUO Berdeak-ek akordio bat proposatu du automobilgintzaren industriaren, sindikatuen eta Administrazioaren artean eraldaketa horretarako, Alemaniako Berdeek Baden-Württemberg estatuan bultzatutakoaren antzekoa, Eusko Jaurlaritzak enpresei lagun diezaien bestelako ondasun eta produktuen fabrikaziora egokitzeko prozesuan.
  • Euskadiko alderdi berdeak ekonomia berdearekin lotutako enpresak Araban ezartzea ere proposatu du, ekoizpen-sektoreak dibertsifikatzeko, Arabako ekonomiaren erresilientzia handiagoa lortze aldera.

Bartzelonako Nissan lantegiaren itxierak (ia 3.000 enplegu zuzen airean eta beste 20.000 zeharkako) industria sektorea, oro har, eta automobilgintza, bereziki, abisatu du, eta horren aurrean atzerapenik gabe erreakzionatzeko eskatu die EQUO Berdeakek EAEko eta Espainiako erakundeei. Alderdi berdearen ustez, premiazkoa da euskal automobilgintzaren trantsizio ekologikoa hastea.

Munduko automobil-ekoizpenak bidegurutze estrategiko bati egin behar dio aurre. Eraldaketa sakona jasaten ari da munduan, merkataritza-, gizarte-, energia- eta klima-testuinguruaren ondorioz, eta horrek bai edo bai eragingo die euskal enpresei. “Automobilaren merkatua globala da, eta euskal industria-plantak konpainia multinazional handien mende daude. Aldaketa horiei aurrea hartu behar zaie, gai izan behar dugu etorkizuneko joerak aurreikusteko eta gure industriaren egokitzapena planifikatzeko. Nissanen itxiera ohartarazten ari zaigu. Entzun ditzagun seinaleak. Orain, eta ez geroago, Mercedes edo Michelin bezalako industriei lagundu behar zaie aurre egin behar duten trantsizio ekologikorako bidean”, Jose Ramon Becerra EQUO Berdeak alderdiko bozeramaile eta lehendakarigaiak adierazi duenez.

Horregatik guztiagatik, Euskadiko alderdi berdeak industriaren, sindikatuen eta Administrazioaren arteko akordio bat proposatuko du, Alemaniako Berdeek Baden-Württemberg estatuan bultzatutakoaren antzekoa, Eusko Jaurlaritzak automobilgintzaren industriako enpresei lagundu diezaien industria-sektore alternatiboetarako (energia berriztagarriak, ibilgailu elektrikoak edo garraio publikoa) beste ondasun eta produktu batzuen fabrikaziora egokitzeko prozesuan.

Gainera, Eusko Legebiltzarrean automobilgintzaren etorkizuna aztertzeko lantaldea berraktibatzea eskatuko du EQUO Berdeak-ek, sektorearekin zerikusia duten enpresen, sindikatuen, erakunde ekologisten eta ikerketa-zentroen iritziak entzun ahal izateko, eta datozen aldaketei eta eraldaketa horri aurre egiteko proposatzen dituzten neurriei buruz hitzegiteko.

Bestalde, Euskadiko alderdi berdeak Araban ekonomia berdearekin lotutako enpresak ezartzea ere proposatzen du, ekoizpen-sektoreak dibertsifikatzeko, Arabako ekonomiaren erresilientzia handiagoa lortzeko.