- Alderdi berdeak kritikatzen du eskolarako itzulera hezkuntza-komunitate osoaren segurtasuna bermatu gabe egitea eta irizpide argirik eman ez izana, ikastetxe guztiek “antzera eta koherentziaz joka dezaten”
- EQUO Berdeak alderdiaren ustez, Hezkuntza Sailak ikastetxeei erabakitzeko askatasuna eman izanak mesede egiten die ikastetxe jakin batzuei, zehazkiago, egoera sozioekonomiko hobean dauden ikasleak dituzten ikastetxeei, eta horrek “hezkuntza-arrakala” areagotzen du, ikastetxeen artean eta ikasleen beraien artean ere
EQUO Berdeak Euskadiko alderdi berdearentzat, gaur astelehenean eskolara itzuliz Hezkuntzak planteatutako ikasturte-amaierak areagotu egiten du “bi abiadurako” euskal hezkuntza-sistemaren “hezkuntza-arrakala”, eta nahasmendua ere eragin du hezkuntza-eragileen artean. Joan den maiatzaren 14an EQUO Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion, behar adinako adostasunik gabe ikasgelak behar baino lehen ireki beharrean, hobe zuela ahalegin guztiak datorren ikasturteko planifikazioan eta sistemaren gabezien konponketan jartzea.
Alabaina Hezkuntza Sailak ikastetxeak behartu egin ditu ikasgelak ireki edo ez irekitzeko erabakia hartzera, eta horrek nahasmendua eragin du familia, ikasle eta irakasleen artean, sindikatu guztiak ere aho batez erabaki horren kontra agertu direlarik.
Ildo horretan, EQUO Berdeak alderdia bat dator sindikatuak egindako kritikekin; izan ere, segurtasun-protokoloetan hutsuneak daudela uste dugu, nola maskarillen erabileran hala paperezko materialen maneiuan. Eta une honetan, gabezia horiek oztopo dira ikasle eta irakasleen osasuna bermatzeko.
Bestetik, ikastetxeak irekitzeko erabakia ikastetxeen esku utzi da, denak “antzeko modu koherentean” jardun dezatela ahalbidetzeko irizpide argirik eman gabe, eta horrek areagotu egingo du euskal hezkuntza-sisteman indarrean dagoen hezkuntza-arrakala.
Hala, itundutako ikastetxeek eta ikasleak egoera sozioekonomiko hobean dituzten ikastetxeek, ziurrenik, baliabide gehiago edukiko dituzte eskura segurtasun-protokoloak aplikatzeko eta ikasturte akademikoa amaitzeko, gainerako ikastetxeek baino. “Ikastetxeen arteko desparekotasun hori ikasleen arteko desparekotasunari erantsiko zaio. Izan ere, hainbat ikaslek, aldez aurreko arrazoi sozioekonomiko, familiar edo akademikoak tarteko, ezin izan dute etxean ikasten jarraitu konfinamendu-garaian. Ikasle horiek, errefortzu egokirik ezean, eskola-porrota izango dute gerora”, adierazi du José Ramón Becerrak.
Ildo horretan, EQUO Berdeak alderdiak hainbat neurri erreklamatu zituen kolektibo horren egoera arintzeko, Save The Children erakundeak planteatutako neurrien antzera, hezkuntza-sistema berdintasunean berreraikitzeko eta Covid-19ak haur kalteberenen artean areagotutako hezkuntza-arrakala murrizteko.
Alderdi berdeak bat egiten du, halaber, EHIGE Euskadiko Gurasoen Elkarteen Federazioarekin, besteak beste, eskoletan arrakala digitalaren aurkako plan bat arbitratzearen aldeko neurrian, ikastetxe bakoitzak behar adinako informazio- eta laguntza-baliabideak eduki ditzala bermatzeko.