-
Jose Luis Ábalosen agerraldia eskatuko du Kongresuan, azalpenak eman ditzan krisi betean obrek duten urgentziaz eta azpiegitura honetan “diru publikoa lurperatzen jarraitzeko” aukeraz
-
“Esleipen-prezioa 2011 eta 2019 artean %50 igo dela ikusita, litekeena da jatorrizko ibilbidea aldatu izana, baina haren ingurumen-inpaktua ez da berriro ebaluatu” ohartarazi du José Ramón Becerrak
-
Alderdi berdeak Elorrio-Atxondo zatiko lanak “herritarren konfinamenduan” hasi izana salatu du, gizartearen eta herritarren gaitzespena saihestu nahian
Inés Sabanés alderdi berdearen diputatu eta bozeramailekide federalaren bidez, EQUO Berdeak alderdiak Espainiako Gobernuari Euskal “Y-aren” proiektua geldiarazteko eskatuko dio Diputatuen Kongresuan.
Obra horiek orain arte 2.000 milioi euro baino gehiago pilatu dituzte gainkostuetan eta ia 20 urteko atzerapena daramate, baina orain pisuzko beste arrazoi batzuk gehitu behar zaizkio, Euskadiko alderdi berdeak proiektua geldiaraztea zuzenean eskatzeko hartutako erabakia eragin dutenak, gutxienez Covid-osteko egoera ekonomikoan haren bideragarritasuna ebaluatu arte.
Joan den apirilaren 14an hasi ziren Bizkaiko Elorrio-Atxondo adarreko lanak, eta horrek bereziki kezkatzen du alderdi berdea, arrisku larrian jar bailitzakete inguru horretako ondare naturala, kulturala eta paisajistikoa. 2,7 km-ko tarte hori 45,7 milioi eurotan esleitu zitzaion 2011n sei urte geroago hartzekodunen konkurtsoan deklaratu zen enpresa bati, eta, ondorioz, kontratua galdu zuen. 2019ko ekainean, Sanchezen Gobernuak berriro esleitu du, baina oraingoan 71,9 milioi eurotan. Hasierako ibilbidea nabarmen aldatu izanagatik izan liteke prezio igoera hori. Horrela bada, 2000. urteko ingurumen-inpaktuaren adierazpena baliogabetu daiteke. “Esleipen-prezioa %50 igo dela ikusita, litekeena da jatorrizko ibilbidea aldatu izana, baina ingurumen-inpaktua ez da berriro ebaluatu. Egungo ibilbideari ingurumen-inpaktuaren azterketa berri bat egin gabe aurrera jarraitzen badute, obrek eskualdeko natura-, kultura- eta paisaia-ondare baliotsua kaltetu dezakete, erremediorik gabe”, ohartarazi du Jose Ramon Becerra EQUO Berdeak alderdiko bozeramailekideak, eta ingurumen-ebaluazio berri bat egitea egokitzat jo du.
EQUO Berdeakek, gainera, Bizkaiko adarreko obra horien hasiera -paisaian eta ingurumenean eragin handienetakoa duena- herritarren erabateko konfinamendu aldiarekin egokitu izana salatu du, arbuio-adierazpen publikoak saihesteko asmo argi eta bakarrarekin.
Guzti hori dela eta, EQUOk espreski eskatuko du proiektua geldiarazteko, eta Jose Luis Ábalosen agerraldia eskatuko du, azalpenak eman ditzan obren urgentziaz eta krisi betean gauden honetan azpiegitura honetan “diru publikoa lurperatzen jarraitzeko” aukeraz. “Gobernuak lehentasunak berrikusi behar ditu, Covid-19aren osasun krisiaren ostean. Bere garaian proiektu hau eta beste batzuk justifikatzeko balio izan zuten aurreikuspenak eta agertoki makroekonomikoak erabat zaharkituta geratu dira, ekonomiaren eta gizartearen berreraikuntzatik sortuko den eskualde-, estatu-, erkidego- eta mundu-mailako agertoki berriaren zain. Garaiz gabiltza azpiegitura hondagarri hori, euskal gizarteak erreklamatu ez eta zerbitzu baliagarririk emango ez duena, demokraziaren historiako diru publiko zulorik handiena bihur ez dadin “, azpimarratu du Becerrak.