- Uztaileko hauteskundeak osasun berme guztiekin egiten direla ziurtatzeko ahaleginak areagotzea eskatu dio alderdi berdeak Eusko Jaurlaritzari
Lehendakariak hauteskundeak uztailaren 12rako deitu dituela eta, EQUO Berdeak alderdiak hauteskunde-kanpaina bi astekoa izan beharrean astebetera murriztu behar dela berretsi du, apirilaren 30ean Alderdien Mahaiak Lehendakaritzan egindako bigarren bileran eskatu zuen bezala.
Alderdi berdearen ustez, hauteskunde kanpaina hau, ohi ez bezala egingo dena, ezarritako osasun irizpideetara egokitu behar da, eta segurtasun neurri gehigarri batzuk ezarri beharko dira ere.
Ildo horretan, EQUO Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio behar diren ahalegin guztiak abian jar ditzala herritarrek segurtasun-baldintzetan parte hartzea eta hauteskunde-eguneko roletan parte hartzen duten pertsona guztiak babestea ahalbidetuko duten baldintza sanitario, juridiko eta teknikoak lortzeko.
Alderdi berdeak azpimarratu du beharrezkoa dela hauteskunde-deialdian hauteskundeak geldiarazteko edo berraktibatzeko aukera emango duen osasun-irizpide “argi, publiko eta objektibo” bat sartzea, baldin eta osasun-egoerak hala gomendatzen badu, bertan behera utzi beharrean. Mekanismo hori edukitzeak balizko hauteskunde-deialdi berri baten epeak eta tramitazioak arintzeko aukera emango luke, baina Urkullu lehendakariak bere agerraldian ez du guztiz argitu aukera hori aurreikusten den ala ez.