- EQUO Berdeaken ustez, ulergarria da hezkuntza-komunitateak astelehenean planto egiteko asmoa izatea, aurrez aurreko eskolei berriz ez ekiteko, ez baita berme juridiko eta segurtasun nahikorik ematen, ez ikasleentzat, ez irakasleentzat
- “Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-sistemaren gabezia historikoei aurre egiteko behar liratekeen hezkuntza-politikako neurri eraginkorrak eta ausartak hartzeari uko egiten dio. Bere erantzukizuna hirugarren sektoreko erakunde pribatuen esku utzi besterik ez du egiten”, adierazi du Jose Ramon Becerrak
EQUO Berdeak, Euskadiko alderdi berdeak, guztiz beharrezko ikusten du Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenean, hilak 18, DBHko laugarren mailako, Batxilergoko eta LHko ikasleentzat gelak berriro irekitzeko erabakia birplanteatzea. Alderdi berdeak Iñigo Urkulluren Gobernuari eskatu dio ikasgelak behar baino lehenago irekitzea behartu beharrean, hezkuntza-komunitate osoaren gaitzespena eragin duen erabakia izanik, datorren ikasturtea behar bezala planifikatzeko eta hezkuntza-sistemaren gabezia guztiak konpontzeko ahaleginak egin ditzan.
Ildo horretan, EQUO Berdeakek ulertu egiten du hezkuntza-komunitatea aurrez aurreko eskolei berriz ez ekiteko planto egitea baloratzen ari izatea, ez baita behar besteko berme juridikorik eta segurtasunik ematen, ez ikasleentzat, ez irakasleentzat. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak berak onartu du orain ez duela beharrezko euskarri juridikorik astelehenean, hilaren 18an, ikasgelak berriro irekitzeko. Horregatik, EQUO Berdeak alderdiak uste du “lotsagabea” dela orain erabaki garrantzitsu horren ardura ikastetxeen esku uztea. “Eusko Jaurlaritza bere eginkizunak alde batera uzten ari da, ikastetxeak irekitzeko ardura zuzendaritzei eman baitie, eta Hezkuntza Sailari dagokio osasuna bermatuko duten irizpideen araberako plan bat egitea eta hori garatzeko behar diren baliabideak ematea”, azpimarratu du Jose Ramon Becerra bozeramailekideak.
EQUO Berdeakek, bere egoera sozioekonomikoagatik edo familiarragatik, azken hiruhileko honetan etxean ikasten jarraitzeko aukerarik izan ez duten ikasleen egoera arintzeko neurriak eskatu zituen apirilaren 24an. Gai horretan ere eragin du Save The Childrenek, eta EHIGE Euskadiko Guraso Elkarteen Federazioak berariaz aipatu du, eskoletan eten digitalaren aurkako plan bat eskatuz.
Horregatik guztiagatik, egoera horiei erantzun integrala emateko deia egin du EQUO Berdeakek, horiek luzatuko dituzten “adabakiak” jartzen jarraitu beharrean. “Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-politikako neurri eraginkor eta ausartak hartzeari uko egiten dio. Berea duen erantzukizuna hirugarren sektoreko erakunde pribatuetan hustu besterik ez du egiten; Agintzari, Afro edo Save The Children bezalako erakundeei Gizarte Zerbitzuek esleitutako 375.000 €-ko online eskola-errefortzuko programarekin egiten duen bezala”.
2020-21 ikasturteari begira, EQUO Berdeak alderdiak urrutiko ikaskuntza- eta ebaluazio-metodologiak garatzeko eta irakasleak urrutiko irakaskuntzako teknologia berrien erabileran prestatzeko plan trinko bat abian jartzeko ezohiko diru kopuru bat bideratzea proposatu du.