EQUO Berdeak alderdiaren ustez, Eusko Jaurlaritza herritarren artean nahasmena eta frustrazioa sortuz estreinatu da kogobernantzan, Sanchezen Gobernuarekiko profil propioa markatzen tematu delako

  • Deseskaladaren 1. faseari dagokion Dekretua indarrean jartzen den egun berean argitaratuta, Eusko Jaurlaritzak aurreikuspen falta erakutsi du eta herritarren artean erabateko nahasmena eragin du

  • EQUO Berdeakek bere eskumen osoko lehentasunezko gaiak ebazten arreta jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, hala nola seme-alabak dituzten familientzako kontziliaziorako neurriak edo Lanbidek autonomoentzat agindutako laguntzak

EQUO Berdeak “oso kezkatuta” dago Eusko Jaurlaritzak Euskadiko deseskaladaren “zuzendarikide” gisa izan duen hasiera txarragatik. Estreinatu berri duen kogobernantzan frustrazio eta nahasmen giroa sortu du euskal herritarren artean, eta horrek ez du ezertan laguntzen gizartearen beharrezko eta irrikazko inplikazioa eta erantzukizuna sustatzen.

Hainbat astez Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu Zentralaren artean osasun-larrialdiari eman beharreko erantzunaren lidergoa lortzeko lehian egon ondoren, EAJ “autogobernuaren” bandera goratzen ari dela bere jarrera kritiko eta uzkurra justifikatzeko, Urkulluren Gobernuak emandako lehen urratsek ez dute asmatu ez denboratan, ez salbuespenezko une honetan eskatzen den argudio, komunikazio eta gardentasunean.

Ildo honetan, alderdi berdearen ustez, EAJ bere konplexu ideologikoek baldintzatuta gobernatzen ari da; izan ere, konplexu horiek Gobernu zentralarekin lehiatzera eramaten dute eskumenei buruzko tirabirak sortzen dituzten gaietan, hala nola mugikortasunaren murrizketetan edo hezkuntza-politikan. “EAJren konplexu ideologikoek eta Madrilekiko profil propioa markatzen tematzeak eragina dute erabakietan, eta ez luke horrela izan behar. Orain arte hartutako erabakiek agerian uzten dute prozesua behar bezala eta zorroztasunez zuzentzeko gaitasun eskasa duela”, kritikatu du Jose Ramon Becerra Equo Berdeak alderdiko bozeramaileak.

Deseskaladaren 1. faseari dagokion dekretua indarrean jartzen den egun berean argitaratuta, Eusko Jaurlaritzak aurreikuspen falta erakutsi du, eta herritarren artean desorientazio osoa eragin du, gaur egun ez baitakite zer egin dezakeen eta zer ez fase berri honen lehen egunean. “Hain da handia nahasmena, Eusko Jaurlaritza kontraesanean sartu dela BOEn jasotakoaren eta Ertzaintzaren irizpideen eguneratzearen artean; izan ere, horrek debekatu egiten baitu etxebizitzetan talde txikietan harreman sozialak izatea, legezko araurik jasotzen ez denean”, deitoratu du Jose Ramon Becerrak.

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak erantzun gabe jarraitzen du eskumen osoa duen eta bere autogobernurako gaitasuna zalantzan ez dagoen gaietan, hala nola autonomoentzako laguntzetan edo bere kargura seme-alabak dituzten pertsonen kontziliazioan.

Ildo horretan, EQUO Berdeakek lehentasuna duten gai horiek lehenbailehen ebazteko eskatu dio Jaurlaritzari. “Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du zehaztu nola banatuko diren Lanbidek agindutako autonomoentzako laguntzen 30 milioi euroak, 3 milioi euroko lehen laguntza-sortaren porrotaren ondoren. Autonomo horietako asko lanari nola berrekin aztertzen ari dira egunotan, agindutako laguntzetatik euro bakar bat ere kobratu gabe oraindik, negozioaren etorkizunari buruzko zalantzekin eta meatxuka dauzkaten zor pilatuekin”, azpimarratu du Becerrak.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak ez du irtenbiderik proposatu ere beren ardurapean seme-alabak dituzten milaka pertsona eta familientzat; izan ere, aste honetan beren lanpostuetara itzuli beharko dute askok haurrak zaintzeko alternatibarik izan gabe, eskolarik gabe jarraitzen baitute oraingoz.