- Espetxe Erakundeek ia ez dute datu ofizialik eman euskal espetxeetan dauden 1.300 pertsonen artean antzemandako koronabirus-kutsatzeen kopuruari buruz
- Alderdi berdeak Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzari ohartarazi dio Gobernu zentralaren ardura dela presoen osasunerako eskubidea bermatzea eta senideekin eguneroko harremana erraztea
EQUO Berdeak-ek aztertutako kazetaritza-informazioen arabera, apirilaren 16an Espainiako espetxeetan koronabirusak baieztatutako ia 250 positibo zeuden, horietatik 217 espetxeetako funtzionarioak eta 37 presoak. Katalunian, apirilaren 12an, 58 preso eta 48 funtzionario kutsatu zeudela iragarri zuen Generalitateak. Hala ere, ez da informazio ofizialik argitaratu euskal espetxeetan dauden 1.300 pertsona baino gehiagoren benetako egoerari buruz, koronabirusaren krisia hasi zenetik; horregatik, EQUO Berdeak alderdiak informazio eguneratua eskatu du COVID19-k euskal espetxeetan izan duen bilakaerari buruz.
Alderdi berdearen arabera, adinekoen egoitzetan izandako kutsatzeen bilakaera esponentziala dela eta, pentsarazten du espetxeetako transmisio-prozesuak antzeko eredua jarraitu ahal izan duela, kutsatze asko gertatuz. Askatasunik gabeko pertsona horien egoera, dentsitate handiko espazio txiki eta itxietan, are larriagoa da; izan ere, arrisku-populazioa osatzen dute zenbait kasutan, osasun-egoera delikatuarekin, arazo immunologikoekin, adikzioekin eta gaixotasun kronikoekin, hala nola HIESarekin edo hepatitisarekin.
EQUO Berdeak-ek Espainiako Gobernuaren Euskadiko Ordezkaritzari ohartarazi dio Gobernu zentralaren ardura dela presoen osasunerako eskubidea bermatzea, bai eta haien senideekiko eguneroko harremana erraztea ere. Erakunde eskudunek beharrezko neurriak hartu behar dituzte presoen osasuna bermatzeko, baina ezarritako prebentzio-, babes- eta isolamendu-neurriei buruzko informaziorik ere ez dute eman. Presoek kanpoaldearekin komunikatzeko debekua baino ez da ezagutu. Neurri horren aurrean, gainera, ez da bestelako komunikazio-biderik ematen, presoen eta haien senideen arteko loturari eusteko. Espetxe batzuetan bakarrik ematen dute egunean 10 minutuko bideo-deiak egiteko aukera.
Egoera horren aurrean, Euskadiko alderdi berdeak eskatu du bermatzeko, osasun-krisia amaitu arte, presoek beren familiekin egunero izango duten harremana, adinekoen egoitzetan gertatzen den bezala. “Beharrezkoa da senideen eta presoen arteko harreman hori ahalbidetzea, koronabirusaren moduko osasun-krisia urruntasunetik eta konfinamendutik bizitzeak eragiten duen elkarrekiko larritasuna jasan ahal izateko”, azpimarratu du Jose Ramon Becerra alderdi berdearen bozeramailekideak.