- Alderdi berdeak “zuhurtzia” eta “itxaropen faltsurik ez sortzea” eskatu dio lehendakariari, konfinamendu-neurrien iragarkietan, osasun-egoera ezegonkorrak jarraitzen duelako
- Era berean, hezkuntza arloa indartzeko plan bat eskatu diote Jaurlaritzari, zailtasun gehien dituzten ikasleen artean eskola-porrot “geroratua” saihesteko
EQUO Berdeak ados dago Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean egindako agerraldian egindako proposamenarekin, datorren ostegunean, hilak 30, alderdien mahai batean hauteskundeak egiteko aukera azter dadin. Alderdi berdearen ustez, osasun egoerak aukera ematen badu, hauteskundeak uda baino lehen egin beharko lirateke, euskal herritarrek hautestontziekin duten hitzordua gehiago ez atzeratzeko eta eratutako ganbera legegileak ahalik eta lasterren bere jarduera ordenatuta izateko.
EQUO Berdeak-en ustez, Diputazio Iraunkor bat deseginda eta ‘sine die’ hauteskundeak bertan behera utzita egotea, euskal gizartearentzat inoiz ez bezalako salbuespen demokratikoa da, eta egoera hau ez da denboran behar baino gehiago atzeratu behar. “Deseskaladaren hasierako plangintzaren aurrean, hauteskunde deialdiari ere heltzeko unea iritsi da. Udazkenera arte atzeratuz gero, litekeena da izurriteak gora egitea, eta, horren ondorioz, beste konfinamendu bat sor liteke, Hong Kongen edo Singapurren gertatzen ari den bezala. Kasu horretan, baliteke neguaren etorrerarekin lotutako kontrako osasun-egoerak kateatzea, hauteskunde-data egingarri bat ezartzea eragozten dutenak. Atzerapen berri horren ondorioz, salbuespena onartezina izango litzateke ikuspuntu demokratiko batetik “, azaldu du Jose Ramon Becerra lehendakarigai eta bozeramaile berdeak.
Lehendakariak Normaltasun Berrirako Trantsizio Planean iragarritako neurriei dagokienez, EQUO Berdeak-ek uste du zuhurtzia nagusitu behar dela edozein neurrien inguruko erabakiak hartzerakoan. Herritarrei gomendatutako osasun-neurriak uneoro betetzen direla bermatu behar da. Zentzu horretan, lehendakariak “ez lieke itxaropen faltsurik sortu behar euskal herritarrei, osasun egoera ezegonkorrak jarraitzen duelako. Are gehiago, kutsatze-tasa oraindik handia denean Euskadin, eta ez dagoenean populazioari jarraipena egiteko behar adina test, ezta epidemiaren intzidentziari eta prebalentziari buruzko azterketa zientifikorik, ezta kutsatze berriak isolatzeko eta ostatu hartzeko beharrezkoak diren instalaziorik”, azpimarratu du Becerrak.
Hezkuntzaren alorreko deseskaladari dagokionez, Euskadiko alderdi berdeak errefortzu-plan bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, zailtasun gehien dituzten ikasleen artean eskola-porrot “geroratua” saihesteko. Ikasle horien aurretiko gabeziak konfinamenduak areagotu ditu.
Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak ez du neurri bakar bat ere artikulatu bere egoera sozioekonomikoagatik edo familiarragatik etxetik ikasten jarraitzeko aukerarik izan ez duten ikasleen egoera arintzeko. “Bai lehendakariak gaur, bai sailburuak, joan den asteazkenean, baliabide gutxien dituzten familiak utzi zituzten berriro, beraien seme-alabak eskola-porrot geroratura kondenatuz. Euskadin bi abiadurako hezkuntza sustatzen jarraitzen dutela erakusten dute “, deitoratu du Becerrak. Horregatik, EQUO Berdeak-ek Jaurlaritzari eskatu dio proposamen malgu bat egin dezala, hala nahi duten ikastetxeei ekainean edo uztailean eskola-porrota jasateko arriskua duten ikasleei laguntzeko eskolak eman ahal izateko.