- “Ez dago lehen eta bigarren mailako langilerik. Inork ez du merezi kutsatzeko arrisku handiago edo txikiagoari aurre egitea “, azpimarratu du Jose Ramon Becerra bozeramaileak.
- Alderdi berdearen ustez, Urkulluren Exekutiboa oso berandu doa bai babeserako material sanitarioa eskuratzeko, bai gaixotasuna diagnostikatzeko testak garatzeko.
Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztutako talka-planak 200 milioi euro bideratzen ditu, besteak beste, sendagaiak eta osasun-materiala erostera, bai eta ospitaleko zenbait gune berrantolatzera ere, baina osasun-neurri horien artean ez da berariaz aipatzen langileen osasuna babestea. Ildo horretan, EQUO Berdeak alderdiak faltan botatzen du babes-neurri gehiago hartzea, lanpostutik joan ezin diren pertsonak beren lana betetzean babestuta egon daitezen.
Gainera, alderdi berdearen ustez, sektore jakin batzuetan telelaneko teknologiak eskuratzea errazteko neurriak aplikatzea diskriminatzailea izan daiteke beste sektore batzuen aldean, sektore horietan ezin baita modalitate hori eskuratu, adibidez, eraikuntzan eta beste industria batzuetan. Konparaziozko bidegabekeria hori saihesteko, alderdi berdeak uste du telelanaren alde egin behar dela, baina, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu behar duela eten egiten direla aurrez aurreko lana eskatzen duten funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak. “Ez dago lehen eta bigarren mailako langilerik. Inork ez du merezi kutsatzeko arrisku handiago edo txikiagoari aurre egitea, bere jarduera-eremuaren arabera. Ospitaleen saturazioa saihesteko eta kutsadurak geldiarazteko, guztiz beharrezkoa da, funtsezkoak ez diren industria-jarduera guztiak geldiarazteaz gain, une honetan gizartea mantentzeko funtsezkoak diren sektoreetako langile guzti-guztiak babesteko ekipamenduez hornitzea “, azpimarratu du EQUO Berdeak alderdiko bozeramailekideak, José Ramón Becerrak.
Alderdi berdeak berretsi du irizpide ekonomikoak irizpide sanitarioaren eta epidemiologikoaren mende egon behar duela une honetan. “Birusaren hedapena geldiarazteko hartutako neurri guztiak zuzentasunaren eta justizia sozialaren printzipioetan oinarrituta aplikatu behar dira, gure gizartean dauden desberdintasun sozial eta ekonomikoetan sakontzea saihesteko”, azpimarratu du Becerrak.
Bestalde, EQUO Berdeak-en arabera, Gobernua “oso berandu” doa farmazialarientzako, adinekoen egoitzetako profesional eta barneratuentzako, espetxeetako eta etxez etxeko laguntza ematen duten profesional eta boluntarioentzako banakako babes-ekipoak eskuratu eta premiaz eskura jartzeari dagokionez.
COVID-19ko testei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak diagnostiko proba gehiago jarri behar ditu gizartearen eskura, OMEk gomendatzen duen bezala. Horretarako, Equo Berdeak alderdiak Exekutiboari dei egiten dio enpresa pribatuek edo erakunde publikoek (unibertsitateek, adibidez) eskura duten material guztiaren inbentarioa presaz egin dezala eta, horrela, haren esku jartzean koordinazio handiagoa ziurta dezala.
Azkenik, alderdi berdeak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio “berehalako” neurriak har ditzala Euskadiko anbulantzia-zerbitzuan osasun-segurtasuna bermatzeko; zerbitzu horretan, Eusko Jaurlaritza da eskuduna esklusiboki, eta plantillaren % 10a bajan dago.