EQUO Berdeak-ek eskatu du “Funtsezkoa ez den” jarduera ekonomiko oro eteteko eta Eusko Jaurlaritzak larrialdietarako oinarrizko errenta bat bultzatzeko

2020ko martxoaren 23a

  • Alderdi berdearentzat une honetan garrantzitsuena biztanleria osoaren osasuna ziurtatzea eta kutsadura kurba geldiaraztea da.
  • Eusko Jaurlaritzak ziurtatu behar du Euskadin inor ez dela laguntzarik gabe geratuko jarduera amaitzen den bitartean, larrialdiko oinarrizko errenta bultzatuz

EQUO Berdeak-en ustez, COVID-19ko krisi betean, osasun-irizpideak lehentasuna izan behar du ekonomiaren gainetik, eta, horregatik, funtsezkoa ez den jarduera ekonomiko oro Euskadin bertan behera uztea eskatzen du. Dagoeneko egoera beretik igaro diren herrialdeek, Txinak zein Italiak, neurri hori ezartzen amaitu dute. Bere esperientzia erreferentziatzat hartuta, alderdi berdearentzat orain beharrezkoa da ezinbestekoa ez den jarduera oro bertan behera uzteko erabakia hartzea, une honetan garrantzitsuena biztanleria osoaren osasuna ziurtatzea eta kutsadura kurba geldiaraztea baita.

Osasunaren ikuspegitik funtsezkoak diren jarduerei dagokienez, hala nola elikadura-hornidurari edo oinarrizko hornidurei dagokienez, EQUO Berdeak-ek planteatzen du jarduera arduradunek langile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko ezinbestekoak diren kutsatzeen prebentzio-neurri guztiak hartu behar dituztela. Alderdi berdeak irekiera-baimena duten merkataritza-establezimenduen kasua azpimarratzen du, haien kudeatzaileek ordutegiak eta lan-baldintzak errespeta ditzaten. “Guztiz onartezina da irekiera ordutegiak eta lan baldintzak zorroztea gizartearen eskaerari erantzuteko argudioarekin, asteburu honetan El Corte Inglesen ikusi dugun bezala. Ezinbesteko egoera Gobernuak ezarri behar du, inoiz ez enpresaburuak alde bakarretik”, salatu du Jose Ramon Becerra EQUO Berdeak alderdiko bozeramaile eta lehendakarigaiak.

Industria-jardueraren kasuan, jarduera horri eusteko, herritarrei oro har eskatzen zaizkien urruntze baldintzak betetzen direla bermatu beharko da uneoro. Baldintza horiek betetzen direla bermatzeko, enpresek Osalanen edo Osasun Publikoko Ikuskaritzaren ikuskapena gainditu behar dute. Nolanahi ere, EQUO Berdeak-en arabera, COVID-19ko kasu positiboak erregistratzen dituzten fabrikak berehala itxi beharko lirateke.

Ildo horretan, alderdi berdearentzat ezinbestekoa da osasun-krisi honi lotutako lan segurtasun- eta osasun-mailak berrikustea, eta adierazten du osasun-sistemaren kutsatze- eta saturazio-arriskuak are gehiago murriztu behar direla.

Familiei eta bizikidetza-unitateei jarduera ekonomikoa uzteak eragingo dizkien inpaktu negatiboak arintzeko eta krisi honetan euskal herritarrak babesik gabe gera ez daitezen, EQUO Berdeak-ek uste du Eusko Jaurlaritzak “larrialdietarako oinarrizko errenta” bat bultzatu beharko lukeela. Prestazio hori DSBE jasotzeko baldintzak malgutuz garatu beharko litzateke, krisi-egoera honetan Euskadin inor ez dela  geratzen laguntzarik gabe ziurtatzeko.