Equo Berdeek Euskadiko koronabirusari buruzko komunikazio arinagoa eta zehatzagoa eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, eta laguntzeko neurri sozial eta ekonomikoak eskatu ditu.

  • Equo Berdeak-en ustez, osasun-neurriekin batera, salbuespenezko egoera horrek langileengan izan ditzakeen ondorio sozial eta ekonomikoak arintzeko neurri politikoak hartu behar dira.
  • Jose Ramon Becerrak adierazi du garaia dela laguntza emateko eta erakunde publikoei babesa emateko, egoerari ahalik eta irtenbiderik onena emateko.

Equo Berdeak komunikazio arinagoa eta zehatzagoa eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, koronabirusari dagokionez. Euskal alderdiak espero du hemendik aurrera koronabirusaren bilakaeraren jarraipena egiteko jarraipen mahaiaren komunikazioa askoz arinagoa eta sakonagoa izatea, hartutako neurrien inguruan guztiz ondo azaldu ez diren gai asko baitaude. Equo Berdeak-en ustez, normalak dira herritarren artean sortutako zalantza ugariak; izan ere, egoerari eta hartutako neurriei buruz emandako informazioa gutxi da eta berandu dator, azken egunetan kezka orokorra izan ondoren. “Beste behin ere, herritarrengandik eta haien kezketatik urrun egotearen sentsazioa ematen du Eusko Jaurlaritzak”.

Alderdi berdeak egoerarekiko ezinegona erakusten du, egoera honek pertsonen bizitzan eta ekonomian duen eraginagatik. Dagoeneko 140 pertsona kutsatu eta 6 pertsona hil dira Euskadin. Gasteizko ikastetxe eta haurtzaindegi guztiak, EHUk hirian duen campusa eta adinekoen hainbat egoitza itxi dituzte. Turismoaren, burtsen eta oro har ekonomiaren gaineko eraginak nabaritzen hasi dira, eta sindikatuak kezkatuta daude enpleguaren gaineko eraginarekin. Itxura guztien arabera, egoerak okerrera egin dezake datozen egunetan. Guzti honen aurrean, Equo Berdeak alderdiak eskatzen du osasun-neurriekin batera dagozkion neurri politikoak har daitezela salbuespenezko egoera horrek langileengan, kontziliazioan eta adingabeen zaintzan edo euskal enpresa ahulenetan izan ditzakeen ondorio sozial eta ekonomikoak saihesteko edo, gutxienez, arintzeko. Halaber, neurri guztiak irizpide sanitario eta teknikoekin ez ezik, beste irizpide batzuekin ere hartu behar dira, hala nola gardentasun aktiboarekin, gizarte-ekitatearekin edo laguntza instituzionalarekin. “Informazioa ezin da berandu eta tantaka iritsi. Ez da zentzuzkoa hartutako neurriek enpresa txiki batzuentzat ekarriko dituzten galera ekonomiko handiak kontuan ez hartzea, ezta konpentsazio-neurririk ere”, adierazi du Jose Ramon Becerrak, alderdi berdearen lehendakarigaiak. Hori dela eta, Becerrak iragarri duenez, “Larrialdi-egoera amainatzen denean, Equo Berdeaketik, etorkizunera begira eta hobetzeko helburuarekin, proposatuko dugu larrialdi kasu hauetan hertsiki sanitarioak ez diren jarduera-protokolo guztiak berrikustea. Eta, bitartean, erakunde publikoei babesa emango diegu eta dagozkion proposamenak egingo ditugu egoera honi ahalik eta irtenbiderik onena emateko”.

Azkenik, Equo Berdeak alderdiak euskal osasun-sistema publikoaren gaitasuna, sendotasuna eta profesionaltasuna balioan jarri nahi ditu horrelako une zailetan eta larrialdietan, inplikatzen ez den eredu pribatu baten aurrean. “Gure osasun publiko eta unibertsala gizarte gisa dugun ondasun preziatuenetako bat da, eta honekeredu horretan benetan sinesten duten eta beharrezko baliabideak bideratzen dituzten erakundeak merezi ditu”, nabarmendu dute.