EQUO Berdeak alderdiaren boto-txartela Euskadira itzultzen da Europako alderdi berdeen “politika erabilgarriak” emulatzeko

  • EQUO Berdeak alderdiak A5eko hauteskundeetarako hautagai-zerrendak aurkeztu ditu, lurralde bakoitzean hiru emakume buru dituztela, zeinek lehendakarigai José Ramón Becerrarekin bat egiten duten
  • Stella García eta Edurne Baranda dira Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak. Erika Martínez, alderdi berdearen egungo kobozeramailea, bigarren postuan dago Araban, Becerraren alboan

EQUO Berdeak alderdiak apirilaren 5eko euskal hauteskundeetarako hautagaitzaren lurraldeetako zerrendaburuak aurkeztu ditu gaur goizean. Stella García eta Edurne Baranda dira zerrendaburu Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenez hurren, eta Erika Martínez bigarren postuan dago Arabako zerrendan, zerrendaburu José Ramón Becerra baita, Euskadiko berdeen lehendakarigaia, hain zuzen ere.

Martxoaren 8a ospatzeko zorian egonik, EQUO Berdeak alderdiaren kobozeramaile Erika Martínezek azpimarratu du hiru lurraldeetako zerrendatan askotariko ibilbide profesionalak dituzten hiru emakume direla buru, eta elkarren osagarri ezin hobea direla lan-talde sendoa eta kualifikatua sortzeko, euskal herritarren onurarako jardunez. “Gure alderdia feminista da, eta politikaren feminizazioaren aldeko konpromisoa hartu du. Horregatik, oso pozik gaude emakume hautagai horiek eta zerrendatan parte hartzea erabaki duten emakume guztiek urrats hori egin dutelako. Espero dugu norabide horretan jarraitzea, eta, horretarako ahaleginean jarraituko dugu, buru-belarri lanean. Emakumeak ezinbesteko aktoreak gara erabat beharrezkoak diren kudeaketa-ereduak eta lidergo politikoko ereduak lortzeko, errealitate sozial berrietara egokituak”, azpimarratu du EQUO Berdeak alderdiaren kobozeramaileak.

José Ramón Becerra lehendakarigaiak ere balio handia eman dio EQUO Berdeak alderdiaren zerrenden osaerari, bertan emakumeek funtsezko zeregina betez, eta adierazi du euskal gizarteak pozik egon behar duela boto-txartel berdea Euskadira itzultzen delako. Hauteskunde hauetan euskal herritarrek indar berri bati, ideiak argi dituen eta hitzetatik ekintzetara benetako inpaktuarekin pasatzeko gai den indar bati eman ahal izango diote botoa. Europako hainbat herritan gobernuan dauden alderdi berdeak bezalaxe, indar baliagarria gara eta Euskadik behar duen maila gorenean politikak adosteko eta hautatu gaituzten herritarrek eskatzen dutena betetzeko gai gara. Euskadirako bultzagarri bat izango gara, politika egiteko modu berri bat, etorkizun hobeago baten alde buru-belarri lan egin dezakegun pertsonen, kolektibo sozialen eta beste alderdi politiko batzuen atxikipenak eragiteko gai, autokonplazientzian geldituta dauden eta Euskadiri aurrerantz jotzea eta erronka ekonomiko, sozial eta klimatiko berrietarako prestatzea eragozten dioten EAJ-PSEren egungo politikak berrorientatzeko gai”.

Aurkezpen-ekitaldian, lurraldeetako zerrendaburuek alderdi berdearen Gasteizko hauteskunde-egoitza inauguratu dute. Hauteskunde-lokala Gasteizko Adriano VI.a kalean dago kokatuta.

CV

Edurne Baranda, Gipuzkoako hautagaia, Euskal Herriko Unibertsitatean zuzenbidean lizentziatua da, eta Bartzelonako Unibertsitatean zerga-zuzenbidean espezializatu zen, bertan hainbat eskola eman dituelarik irakasle elkartu gisa. Aholkulari juridiko gisa lan egin du Eusko Legebiltzarrean azken legealdi honetan, zuzeneko lankidetza eskainiz Gardentasunaren Legean, sektore publikoko legean, LHkoan, Kirolean dagoen Dopinaren Legean, Kooperatiben legean eta abar, eta hainbat kolektiboren eskaerei forma juridikoa emanez, ondoren EQUO Berdeak alderdiaren lege-proposamenari txertatzeko; Animalien ongizate eta babesari buruzkoa zen lege-proposamena, baina ezin izan zen aztertu hauteskundeak aurreratu zirelako. EQUO Berdeak alderdiari lotuta dago 2014az geroztik, Euskadiko Koordinazio Mahaiko kide izan da, eta era berean Koordinadora Exekutiboko kidea da maila federalean.

Stella García, Bizkaiko zerrendaburua, Bilbon bizi da duela 16 urtez geroztik, Historiako irakaslea da, Nazioarteko migrazioei buruzko master bat egin du, eta Kulturarteko Hezkuntzan espezializatu da. Azken urte hauetan migratu taldeak laguntzeko lanetan jardun du, bereziki prestakuntzan, pertsona horiek komunitatean eta gizartean duten parte-hartzea hobetzearren. Lan horrengatik Bilboko Udalak sari bat eman zion pasa den abenduan. Lau urtetik gora darama EQUO Berdeak alderdian lanean, eta 2017tik Euskadiko Koordinazio Mahaiko kidea da.

EQUOko kobozeramaile Erika Martínez, Arabako zerrendan bigarren postuan dagoena, komunikazio-arduraduna eta bazkide da energia berriztagarrien kooperatiba batean. Arabako biltzarreko dinamizatzailea, Koordinazio Mahaiko kidea eta Equo Berdeak alderdiaren kobozeramailea izan da. Eusko Legebiltzarrerako egin ziren aurreko hauteskundeetan Arabako zerrendaburua izan zen.