EQUO Berdeak alderdiak Gobernuari eskatzen dio lehenbailehen subsidiarioki jardun dezala, Verter Recycling enpresaren “kolaboraziorik ezaren” aurrean

  • Alderdi berdeak ohartarazten du hondakinak Mallabiko Betearte eta Zallako Cespa zabortegietara eramatea arriskutsua litzatekeela, hondakindegi horietan antzeko gorabeherak izan direlako

Eusko Jaurlaritzako ordezkarien ahotan Verter Recycling Zaldibarko zabortegiko enpresaren aurkako salaketak behin eta berriz entzun ondoren, “ez kolaboratzeagatik eta eskatutako betekizunak ez betetzeagatik”, EQUO Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio subsidiarioki lehenbailehen jardun dezala, gehiago itxaron gabe. Josu Erkoreka Gobernuko bozeramaileak irrati-elkarrizketa batean onartu duenez, agian neurriak hartu beharko dituzte, eta “besoak uztarturik ez direla egongo” ziurtatu du. Alderdi berdearen ustez, egoerak presazko erantzun bat eskatzen du, eta Gobernua ezin daiteke mugatu enpresa salatzen jarraitzera “lan- eta ingurumen-ikuskatzaileekin kolaboratzen ez duelako”, ezta neurriak hartuko dituela adieraziz mehatxatzera ere; berehala esku hartu behar du, enpresa horrek, ustez, bere erantzukizunak alde batera utzi ondoren.

Bestetik, alderdi berdeak ohartarazten du hondakinak Mallabiko Betearte eta Zallako Cespa zabortegietara eramatea arriskutsua litzatekeela, hondakindegi horietan antzeko gorabeherak izan direlako, Gobernua aukera hori aztertzen ari baita. 2019. urtean Zallakoan hiru sute izan ziren hiru hilabetean, eta haien jatorria eta arrazoia ez dira oraindik argitu. Bestetik, Mallabian, Areitioko gainean kokatutako Betearte industria-hondakinen zabortegiak hodei toxiko bat eragin zuen orain bi urte, hondakindegian piztu zen sutearen ondorioz. “Herrialde honetan hondakinak kudeatzeko urtetan aplikatutako politiketan koordinaziorik eza eta inprobisazioa izan dira nagusi, eta orain agerian geratzen ari dira, herritar guztien aurrean; bitartean, gobernua duda-mudatan dago, eta onartzen du ez dakiela zer egin, Zaldibarko hondakinak nora eraman ez dakitela”, EQUO Berdeak alderdiko kideek salatzen dutenez.

Euskal alderdiak berriz ere azpimarratu du behar-beharrezkoa dela instituzioek informazio ofiziala, sinesgarria eta eguneratua jartzea eskualdeko herritarren eskura. “Zabortegiko gainaldeko materialaren zati bat husten ari dira, kamioiak eta kamioiak husten ari dira, zabortegitik 300 metro eskasera dagoen harrobi batean. Uste dugu behin-behineko konponbide bat dela, hondakinen behin betiko jomuga erabaki arte. Alabaina, kamioien edukia husteko hautatutako harrobiak ez ditu betetzen horrelako hondakinak jasotzeko baldintza egokiak, eta horrenbestez kezka areagotzen ari da bertako herritarren artean”, salatzen dutenez.