-
Alderdi berdearen ustez, Ingurumen Sailak ez du baliabide nahikorik, eta horregatik ezin ditu bere betebehar guztiak behar bezala bete.
-
Urtetan, koordinaziorik eza, kudeaketa txarra eta inprobisazioa nagusi izan dira hondakinen kudeaketaren alorrean, eta istripu hau horren guztiaren ondorio “logikoa” da.
EQUO Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Ingurumeneko baliabide teknikoak eta giza baliabideak areagotu ditzala, hondakinen kudeaketaren gaineko kontrola hobetzeko. Gauza jakina da Zaldibarren zer gertatu den: zabortegia behera etorri da; bi langile lurperatuta daude hondakinen azpian, eta oraindik desagertuta daude; eta horrek guztiak kalte larriak eragin ditu, gizartearentzat eta ingurumenarentzat, oraindik neurtu ez direnak. Eta horrek guztiak agerian uzten du Ingurumen Sailak ez daukala baliabide nahikorik bere betebehar guztiak behar bezala betetzeko.
Ikuskapenek huts egin dutelako susmoa gero eta handiagoa da, egunetik egunera. Verter Recycling enpresak gaizki kudeatu ditu hondakinak, eta sailaren esku-hartzeak irmoagoa beharko zuen, hori ere aldez aurreko kontrol teknikorik ezaren erakusgarri izanik. Onartutako hondakinen tipologiaren gaia alde batera utzita, eraitsitako zabortegiak dozenaka kamioi jasotzen zituen egunero, hondakinak botatzeko eta trinkotzeko ardura, soil-soilik, bi langileren esku utzita. Horren adierazgarri da hondakindegia 35 urteko bizitza erabilgarria izateko diseinatu zela, eta, hamar urtean soilik, bere biltegiratze-edukieraren erditik gora kontsumitu duela. “Lan-erritmo horrek ezin zezakeen amaiera ona eduki, ez ingurumenarentzat, ez bertan zihardutenen segurtasunarentzat”, Erika Martínez alderdiko kobozeramaileak adierazi duenez.
2018an Ingurumeneko plantilla handitu egin zen, 4 pertsona berri sartu baitziren, José Ramón Becerra legebiltzarkide berdeak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako erreklamazio bati erantzunez, baina sailak bere gabeziak ditu oraindik ere, azken gertaerek frogatzen dutenez. “Langileen % 80 bitarteko langileak dira, eta langileak oro har desmotibatuta daude, lan-zamagatik gainezkatuta Badakigu ez dituztela beharko liratekeen ikuskapen guztiak egiten itota dabiltzalako”, Erika Martínez alderdiko kobozeramaileak salatzen duenez.
Bestetik, Euskadiko alderdi berdeak Gobernuari eskatu dio argi dezala zer egingo duten zabortegiko lixibiatuak, kutsatzaileen kontzentrazio handia dutenak, ibaian isurtzea galarazteko. EQUO Berdeak alderdiak uste du behar diren baliabideak inbertitu behar direla ingurumen-kalte erantsi hori saihesteko
Gainera, alderdi berdeak ohartarazten du hondakinak Mallabiko Betearte eta Zallako Cespa zabortegietara eramatea arriskutsua litzatekeela, hondakindegi horietan antzeko gorabeherak izan direlako, Gobernua aukera hori aztertzen ari baita. 2019. urtean Zallakoan hiru sute izan ziren hiru hilabetean, eta haien jatorria eta arrazoia ez dira oraindik argitu. Bestetik, Mallabian, Areitioko gainean kokatutako Betearte industria-hondakinen zabortegiak hodei toxiko bat eragin zuen orain bi urte, hondakindegian piztu zen sutearen ondorioz. “Herrialde honetan hondakinak kudeatzeko urtetan aplikatutako politiketan koordinaziorik eza eta inprobisazioa izan dira nagusi, eta orain agerian geratzen ari dira, herritar guztien aurrean; bitartean, gobernua duda-mudatan dago, eta onartzen du ez dakiela zer egin, Zaldibarko hondakinak nora eraman ez dakitela”, EQUO Berdeak alderdiko kideek salatzen dutenez