- Eusko Jaurlaritzak otsoa katalogo horretan sartuko duela adieraziz egin duen iragarpenaren ondoren, alderdi berdeak uste du neurri hori inkongruentea dela Arabako otsoburu bakarra hiltzeko lizentzia mantentzearekin
- Katalogoan sartzen denetik, otsoa harrapatzeko arrazoi bakarra helburu zientifiko edo kulturalekin edo espeziea berriz sartu nahi delako justifikatzen da soilik, orain arte AFAk aplikatutako heriotza-dinamika moztuz
Jaurlaritzak atzo otsoa mehatxatutako espezieen euskal katalogoan sartuko zela adieraziz egindako iragarpenaren ondoren, EQUO Berdeak alderdiak uste du Arabako Foru Aldundiak baimendutako uxaldiak (14 egun luzagarriko iraunaldia dute urtarrilaren 31tik zenbatzen hasita) berehala ezereztu beharko liratekeela.
Zenbait komunikabidetan jaso denez, Ingurumen Sailetik beretik adierazi dute behin otsoa katalogoan benetan sartzen denean, otsoburu hori harrapatzeko baimena oso modu zorrotzean justifikatu beharko litzatekeela, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak berak onartu beharko luke. Agindua datozen egunetan argitaratuko da eta babesa momentu horretatik aurrera aplikatu beharko da, eta horrek desgaituta utzi beharko luke foru-erakundeak emandako ehiza-lizentzia, ez baitu Eusko Jaurlaritzaren baimenik.
Katalogoan sartzen denetik, otsoa harrapatzeko arrazoi bakarra helburu zientifiko edo kulturalekin edo espeziea berriz sartu nahi delako justifikatzen da soilik, orain arte Arabako Foru Aldundiak aplikatutako heriotza-dinamika moztuz.
EQUO Berdeak alderdiarentzat, Aldundiak ez luke argudiotzat baliatu behar indarraldia argitalpen ofizialarekin batera iritsi izana, uxaldiekin luzaroago jarraitzeko, eta, aitzitik, gaur bertatik erretiratu beharko luke baimen hori. ”Erabat inkongruentea da horretan setatzea Arriola sailburuak otsoa mehatxatutako euskal espezieen katalogoan sartzeko agindua berehala emango duela badakigunean, atzo bertan hartu baitzen erabakia eta publikoki ezaguna da. Foru-erakundean oso modu maltzurrean ari dira jokatzen”, adierazi dute atsekabetuta EQUO Arabatik.
Izan ere, EQUO Berdeak alderdiarentzat onartezina da Arabako Aldundiak Araban bizi den otso bakarra ehizatzeko uxaldiak baimendu izana. Euskadiko alderdi berdearentzat, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek amore eman du ganaduzaleen presioen aurrean eta haien interesen mende jarri da, modu erabat arduragabean jardunez.
Alderdi berdeak salatu zuen jada Araban dabilen otsoburu bakarra akabatu nahi izatea, balio handiko espeziea baita oreka ekologikoa kontserbatzeko egiten duen ekarpenarengatik eta belarjaleen populazioak erregulatzeko jokatzen duen paperarengatik, hala nola basurdearen kasuan. “Kexak entzuten ditugu orkatzen eta basurdeen superpopulazioaren inguruan, eta orain haien berezko harrapakaria akabatu nahi dute. Gura landa-ingurune eta ingurune naturalaren kudeaketa txarra izan da arian-arian oreka ekologikoa aldatu duena, hain zuzen ere. Okerreko esku-sartze horien ondorioak animalia errugabeak hilez konpondu nahi izatea akatsa da. Amaiera eman behar zaio horri. Badira beste alternatiba batzuk”, adierazi dute arduratuta EQUO Berdeak alderditik.
Bestalde, euskal alderdiak uste du ez dela kontuan izan txakur basatuak izatea ganaduzaleek salatutako erasoen erantzuleak, eta fokua oso-osorik otsoaren gainean jarri dela.