- Alderdi berdeak begi onez ikusten du Eusko Jaurlaritzaren ibilgailuen Renove Plan berriak aurten 1.000 eurora jaitsi izana diesel- eta gasolina-ibilgailuak erosteko laguntzak, iazko 2.000 euroen aldean
- Euskadiko berdeek aldarrikatzen dute 2021eko hurrengo deialdirako laguntza horiek guztiz desagerraraztea, horrela azkarrago aurrera egiteko kutsatzen ez duten ibilgailuetarako trantsizioan, beharrezkoa eta ezinbestekoa den heinean
EQUO Berdeak alderdiak positiboki baloratu du Eusko Jaurlaritzak diesel- eta gasolina-ibilgailuak erosteko diru-laguntzei ezarritako jaitsiera. Iazko 2.000 eurotik 1.000 eurora jaitsi dira, eta 3.000 euroko laguntza handienei eutsi zaie ibilgailu hibrido edo elektrikoak erosteko, neurri handi batean erabaki horiek hartu direlarik Elkarrekin Podemosekin lortutako aurrekontu-akordioari esker.
Nolanahi ere, Euskadiko alderdi berdeak uste du Eusko Jaurlaritzak guztiz desagerrarazi beharko lituzkeela diesel eta gasolinarako laguntza horiek, ibilgailu motordunak erosteko diru-laguntzak zuzenean emateko hurrengo deialdiari begira. Horrek azkarrago aurrera egiteko aukera emango luke kutsatzen ez duten ibilgailuetarako beharrezko trantsizioan, erregai alternatiboak darabiltzaten ibilgailuak sartzeko erritmoa azkartuz.
Alderdi berdeak berriz ere adierazi nahi du behar-beharrezkoa dela automobil-sektorearen eskura behar diren neurri guztiak jartzea, aldaketarako bidea har dezala laguntzeko. Ildo horretan, poztu egiten dira Eusko Legebiltzarrean automobilgintzaren etorkizunari buruzko ponentzia martxan jarri delako, mugikortasunarekin oro har eta automobilgintzarekin bereziki zerikusia duen euskal industriaren erronka, aukera, mehatxu eta ahuleziei buruzko hausnarketa erraztuko duen heinean.
EQUO Berdeak alderdiak nabarmendu nahi du ibilgailu elektrikoen fabrikazioaren eskutik aukera handi bat irekitzen dela, eta horren ondorioz Euskadi sektore horretan puntako eskualde bat bihur litekeela, enpresa-sare elkartua bultzatuz eta enplegu espezializatuaren sorkuntza eta I+G+B sustatuz.
Bestetik, alderdi berdeak berriz ere adierazi nahi du instituzioek joan-etorri ez-motorizatuei eman behar dietela erabateko lehentasuna, oinezko eta bizikleta bidezko joan-etorriei alegia, petrolioaren mendetasuna murrizteko neurririk onena den heinean.