- Korostiko parkearen itxierak eskualdean eraginpean hartzen dituen udalerri guztien lantalde bat sortzea eskatu dute
- Salatu dute Legazpiko zerbitzua Bergarara lekualdatzeko planak inolako gardentasunik gabe gauzatzen ari direla
Legazpiko Berdeak taldeak berriz ere gaitzetsi ditu Oñati, Legazpi eta Eibarko suhiltzaile-parkeak ixteko planak eta zerbitzua Bergaran eta Elgoibarren eraiki nahi diren bi parke berrietara lekualdatzeko aurreikuspena, Gipuzkoako Suhiltzaileen Foru Zerbitzuaren Plan Estrategikoak aurreikusten duen moduan, zeina aurten bertan indarrean sartzea aurreikusten den.
Talde berdeak duela urtebete erabaki horren berri izan zuenetik hainbat jardun egin dira zerbitzuaren itxiera saihesteko asmoz. Korostiko parkearen itxiera erabat desegokia iruditzen zaie, zerbitzuaren kalitate-galera ekarriko duelako eta horrek familien eta eskualdeko gainerako biztanleen segurtasunean eragin negatiboa izango duelako. Udalaren osoko bilkuran mozio bat aurkeztu ondoren, zeina onartu egin zen bere taldearen (garai hartan Irabazi zen, gaur egungo Legazpiko Berdeak), EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta hainbat informazio-eskaera edota informazioa lortzeko hainbat bilera egiteko eskaerak erregistratu arren ezer gutxi lortu duenez, Legazpiko Berdeak taldeak erabaki horren aurkako jarrera berraktibatu du, lekualdaketa saihesteko asmoz. Udal-taldeak eskualdeko gainerako alderdi politikoei, erakunde zibilei eta Suhiltzaile-kidegoko langileei beraiei ere eskatu die parkeak Legazpin jarrai dezan defenda dezatela. “Legazpiko suhiltzaile-parkearen itxierak eskualdeko udalerri guztiei egingo die kalte, esku hartzeko denbora-tarteak handituko baitira, egungo 4 minutuetatik 12 minuturaino. Horrek ekarriko du larrialdi-egoeren kasuan kalteak jasateko probabilitatea handiagoa izango dela. Ez dugu inolaz ere onartuko gaur egun Legazpin ditugun zerbitzuen kalitatean beste murrizketa bat egitea, 2010. urtean anbulatorioko larrialdi-zerbitzuarekin gertatu zen bezala. Bizitzak arriskuan jartzeaz ari gara, eta ez dugu utziko horrekin jolasean aritzea”, ohartarazi du Legazpiko Berdeak taldeko bozeramaile Alberto Bezunarteak.
Korostiko parkearen itxierak eskualdean eraginpean hartzen dituen udalerri guztien lantalde bat sortzea eskatu du Bezunarteak, eta udalerrian itxieraren aurka dauden herritarrei euren atsekabea publikoki azal dezaten eskatu die, euren etxeetako balkoi edo leihoetan protesta-pankartak ipiniz. ”Legazpin bizi gara, pertsonen segurtasunarekin kezkatuta gaude, eta zerbitzu publikorik onenak eduki nahi ditugu. Zuek ere kezkatuta bazaudete, zuen balkoietan protesta-pankarta bat ipintzera animatzen zaituztegu”.
Zinegotzi berdeak, gainera, salatu du Legazpiko zerbitzua Bergarara lekualdatzeko planak inolako gardentasunik gabe gauzatzen ari direla, eta bereziki azpimarratu du Legazpiko alkatearen jarrera ez dela batere kolaboratiboa. “Alkateak ez du ahaztu behar EAJko kide izateaz gain Legazpiko Udalaren ordezkaritza instituzionala bere esku dagoela eta legazpiar guztien alkate izan behar duela, botoa nori ematen dioten kontuan izan gabe. Eta era berean ez du ahaztu behar Urola Garaia Mankomunitateko presidentea dela, eta horrek eskualdearen interesak defendatzera eta ondoko udalerrietako gainerako ordezkariei eskura duen informazio guztia ematera behartzen duela”, adierazi du Bezunarteak, udal-taldeak eskatutako informazioa emateari behin eta berriz uko egin diola adieraziz.