- Ekian izena duen eta Arasur poligonoan kokatuta dagoen Euskadiko eguzki-parke fotovoltaikorik handienaren inaugurazioaren ondoren, alderdi berdeak berriz ere azpimarratu du megaproiektu horiek ez direla energiaren sorkuntzan jarraitu beharreko eredu egokia.
- Jaurlaritzak instalazio zentralizatuen planteamendu zaharkitutan errotuta jarraitzen du, jabetza eta erabaki-hartzea enpresen eskura eta kontsumo-puntuetatik urrun utziz
EQUO Berdeak alderdiaren ustez, euskal administrazioetatik Euskadin energia berriztagarrien alde egiteko sustatu behar den eredua ez da aste honetan Arasur poligonoan inauguratu dena bezalako eguzki-megaproiektuak edo proiektu eolikoak eraikitzea. Alderdi berdearentzat tamalgarria da Eusko Jaurlaritzak, Urkullu lehendakaria buru duela, horrelako azpiegituren aldeko apustua egiten jarraitzea, kasu honetan megaparke fotovoltaiko bat, Euskadiko handiena, 67.000 eguzki-panelez osatua, panel bakoitza 355 watt-ekoa izanik.
Alderdi berdearen ustez Urkulluren Jaurlaritzak kontsumo-puntuetatik urrun eta zentralizatuta dauden instalaziotan oinarritzen diren planteamendu zaharkitutan errotuta jarraitzen du, jabetza eta erabaki-hartzea enpresen eskuetan utziz. Klima-aldaketara egokitzeko behar dugun energia-eredu berri bateranzko ibilbidea egiteko, energiaren deszentralizazio eta demokratizazioan aurrerapausoak eman behar dira eta energia herritarren eskura jarri behar da, kontsumitzaileak izan daitezen euren energia sortzen dutenak, kontrol osoa oligopolio elektrikoko enpresen eskura utzi gabe. “Jaurlaritzaren ereduak soil-soilik oligopolio elektrikoko enpresa handiak aberasten ditu, inbertsio ekonomiko handiak eta beharrezkoa ez den lurzoru-okupazioa egin beharra dakarten megaazpiegituren eraikuntzaren bitartez. Bitartean, Europa osoan eguzki-energia aurrerantz doa modu geldiezinean, partikularren eskuetan dauden eguzki-instalazio deszentralizatuen bitartez” gaitzetsi dute EQUO Berdeak alderditik.
Alderdi berdeak gogorarazi du energia berriztagarriak Euskadik kontsumitzen duen energia osoaren % 7 direla eta tamalez joera hori ez dela aldatu azken 10 urteetan; eta Jaurlaritzak aldi horretan bere ahaleginak eta inbertsioak gas naturalean oinarritzen jarraitu du.