- Ahal Dugu eta EQUO Berdeak alderdien artean eta Eusko Jaurlaritzaren eta Tokiko Gobernuaren artean duela gutxi sinatutako aurrekontu-akordioek aurrera jarraitzen dute “inor atzean utziko ez duen Gasteiz Hirian”
- Cristina Macazagak eta Oscar Fernándezek zera azpimarratu dute: “aurrekontu-akordioek hiriak datorren hamarkadako erronka sozial eta klimatikoei aurre egiteko behar dituen proiektu estrategikoak garatzeko aukera ematen dute ”.
- Hezkuntza, etxebizitza, politika feministak eta klima-larrialdia arloetan nabarituko da batez ere Elkarrekin Podemosen erakunde arteko bultzada.
Ahal Dugu eta EQUO Berdeak alderdien ordezkariak eta Eusko Legebiltzarrean eta Gasteizko Udalean Elkarrekin Podemos koalizioaren kargu hautetsiak diren Cristina Macazaga eta Oscar Fernándezek, bi erakundeetan gobernuarekin lortutako aurrekontu-akordioek Gasteizi ematen dizkioten askotariko onurak xehatu dituzte kazetarien aurrean. Itun horiek 200 milioi eurotik gora mobilizatzen dituzte Eusko Jaurlaritzan eta 3 milioi eurotik gora Gasteizko Udalean, eta lau premia larriri lehentasuna ematen diete: trantsizio ekologikoa, politika feministak, gizarte-berdintasuna, eta bizitza-proiektuak gazteentzat.
Bi itunek bat egiten dute eta hiriak datorren hamarkadako erronka sozial eta klimatikoei ikuspegi feminista eta ekologistarekin aurre egiteko beharrezkoak diren proiektu estrategikoak garatzeko aukera emango dute. Bi alderdien ezaugarri bereizgarria den politika ulertzeko eta egiteko moduak –erabilgarria, konstruktiboa eta herritarren zerbitzura– aurrekontu-mailan erabaki horiek hartzea ekarri du. Bi alderdien helburua Euskadin jendearen bizimodua hobetzea da, eta hori lortzeko aukeraren bat dagoen bakoitzean Ahal Dugu Euskadi nahiz EQUO Berdeak alderdiek ez dute itunak sinatzeko zalantzarik izango.
Eskola-segregazioaren aurkako borroka eta gazteentzako alokairu soziala
Koalizio moreko legebiltzarkide Cristina Macazagak hezkuntza-arloko aurrerapenak aipatu ditu, hainbat neurri adieraziz: haurreskoletako tarifen jaitsiera, ikastetxeak hobetzeko inbertsioak, edota eskola-sukaldeak errekuperatzea neska-mutilei elikadura osasungarria bermatzeko. Neurri horiek Gasteizen eskola-segregazioaren aurka borrokatzera bideratutako inbertsio-pakete bat osatzen dute, izan ere, Gasteiz eskola-segregazio indizerik handiena duen hiri europarra baita.
Macazagak azpimarratu duen beste eremu bat etxebizitzarena da, hainbat neurri hartuz Eusko Jaurlaritzak udal-etxebizitzak eskuratzeko eta ondoren gazteentzako alokairu sozialeko merkatuan eskaintzeko; etxebizitzen birgaikuntzan inbertitzea energiaren eta irisgarritasunaren ikuspuntutik; alokairu-merkatuko etxebizitzaren prezioak kontrolatzea; helduentzako etxebizitza komunitario berrien sustapena, eta gazteentzako etxebizitza partekatzeko programa.
Gasteiz, karbonoan neutroa den hiria 2050
Bestalde, Elkarrekin Gasteizeko bozeramaile Oscar Fernández azpimarratu du akordio horiek benetako Green Capital batentzako bultzada berria direla. Fernándezek Ancoraren Birgaitzearen adibidea jarri nahi izan du, izan ere, azkenean hori errealitate bihurtzeko aurrekontu-partida baduelako, Eusko Jaurlaritzak proiektuari egindako beste ekarpen bati esker. Gainera, Fernándezek adierazi du Gasteizko Eguzki Eraztuna “inoiz baino hurbilago dagoela”, Udalaren Lurralde Sailean nahiz Energiaren Euskal Erakundean biltzen diren eguzki-energia finantzatzeko partidei esker. Era berean, Eraztun Berdearen hegoaldeko itxiera, Larragorri parkea, paper gaineko proiektu bat izatetik errealitate izatera pasatu da, Udalaren eta URA Uraren Euskal Agentziaren arteko lankidetzarekin.
Gainera, Fernándezek industriaren trantsizio ekologikoa errazteko ekimen berriak “oso positibotzat” jo ditu, azterlan berriak egin baitira euskal enpresek, eta bereziki udalerrian hain garrantzitsua den autoen industriak, ekonomia deskarbonizatzen lagundu dezaten. Neurri-sorta osatu hori lagungarria izango da larrialdi klimatikoaren efektuak arintzeko, eta Gasteizek 2050ean karbonoan hiri neutroa izateko helburua betetzea ahalbidetuko du.
Azkenik, bi ordezkariek zera azpimarratu dute: “Elkarrekin Podemosek azken krisi ekonomikoan jendearen beharrizanak gutxi batzuen interesen gainetik jarri zituen, bidezkoagoa, jasangarria eta aukerak sortzeko gai izango den eredu ekonomiko baterantz aurrerapausoak emateko helburuarekin. Aurrekontu-akordio hauek aukera ematen digute Gasteiz sozialago, feministago eta berdeago baterantz bideratzeko. Azken batean, inor atzean utziko ez duen Gasteiz hiria”.