- Alderdi berdeak uste du zerbitzu hori ezartzeko erritmoa bizkortu egin behar dela, beste baliabide batzuekin alderatuta ematen dituen emaitza positiboak kontuan izanik
- Programa horiek, pertsonei etxebizitza egonkorra ematen dietenak, oso eraginkorrak dira etxerik gabe dauden eta premia handiak eta konplexuak dituzten pertsonen kasuan
- Aurten jada etxerik gabeko bi pertsona hil dira kalean lo egin ondoren EAEn, bat Durangon eta beste bat Donostian
EQUO Berdeak alderdiaren ustez Eusko Jaurlaritzak 2018-2021 etxerik gabeko pertsonentzako euskal estrategian hainbat eredu ezartzea aurreikusten duen arren, adibidez Housing First eredua –etxebizitza egonkor baterako sarbidea ahalbidetzen duena gizarteratzeko sarrera-ate gisa–, ez dira ezartzen ari behar den erritmoan. Euskadiko alderdi berdeak uste du etxebizitza horien irekiera bizkortu egin behar dela, etxerik gabe dauden eta premia handiak eta konplexuak dituzten eta euren egoera kronifikatu egin den pertsonen kasuan lortu diren emaitza positiboak ikusita.
Gizarte zerbitzuetatik etxegabetasunari ematen zaion erantzuna, 2018-2021 etxerik gabeko pertsonentzako Euskal Estrategian bertan onartzen den bezala, “gehiegi oinarritzen da larrialdietako baliabideetan eta egonaldi laburreko edo ertaineko egoitza-ostatuetan, eta ez hainbeste ohiko etxebizitzetarako behin betiko sarbidea ematean”, eta prestazio-eredu hori da, ez beste batzuk, eraginkorrena kalean dauden pertsonen kopurua murrizteko. Horixe jartzen dute agerian nazioarteko esperientziak eta Gipuzkoan martxan dauden zazpi etxebizitza pilotuek.
Ildo horretan, alderdi berdearen ustez esku-hartze tradizionaleko eredutik eta aterpeen zerbitzu klasikoetatik haratago, epe luzean ez direlako hain eraginkorrak giza terminotan eta termino ekonomikotan, kaleak sortzen duen kaltea arintzea da lehentasuna, zenbait kasutan bertan bizi diren pertsonak hiltzea dakarrelako. Horregatik eskatzen du Housing First bezalako ereduak hedatzea.
Aurten jada etxerik gabeko bi pertsona hil dira kalean lo egin ondoren EAEn, bat Durangon eta beste bat Donostian. Prentsako titular batzuetan adierazten zuten kasuetako bat “heriotza naturala” zela. EQUO Berdeak alderdia ez dago ados adierazpen horrekin, eta ohartarazi du kalean bizitzeak gaixotu eta hil egiten duela, urte hasiera honetan tamalez gertatu den bezalaxe. Horregatik ahalegin handiagoa egin behar dute kalean bizi diren pertsonen kopurua gehiago eta bizkorrago murrizteko. Jaurlaritzaren Estrategian 2020rako markatutako % 20ko murrizketa-helburua ez da nahikoa.
Ildo berean, alderdi ekologistak adierazten du etxegabetasuna saihesteko garrantzitsua dela prebentzioa, baina erreklamatzen du Euskadin kalean lo egiten duten pertsonei premiazko irtenbidea eman behar zaiela, aldi baterako ostatuetara sartzeko arauak arinduz, jendea eta euren abereak kalean gera daitezen saihestuz.