Stella García EQUO Berdeak alderdiko kidea saritu dute Euskadiko etorkinen aldeko politiken garapenean erakutsitako konpromisoarengatik
-
Alderdi berdeko Koordinazio Mahaiko kidea den Garcíak gaur arratsaldean jasoko du saria, Bilboko Udalean, Bilboko Udalaren Immigrazio Kontseiluaren eta Emakume Migratu Ekintzaileen Elkartearen eskutik.
-
“Betidanik pentsatu izan dut gizartean parte hartzeak herritar hobea egiten zaituela, eta hiria hobetzen laguntzen duela” nabarmendu du.
Gaur arratsaldean, Bilboko Udalaren Immigrazio Kontseiluak eta Emakume Migratu Ekintzaileen Elkarteak Stella García EQUO Berdeak alderdiko Koordinazio Mahaiko kidea sarituko dute jendaurrean “Bilboko emakume etorkinen aintzatespena” lehiaketaren lehen edizioaren esparruan, sari horren Emakume Politikariaren kategorian.
Euskadin etorkinen aldeko politikak garatzeko konpromisoagatik nabarmendu diren emakume etorkinak ikusarazi nahi ditu atal horrek.
Stella García pozik azaldu da saria jaso aurretik, urte hauetan etorkinen alde oro har eta emakume etorkinen alde bereziki egindako lana aintzat hartu izanak atsegin handia ematen baitio, eta uste osoa duelako herritar guztientzat aldatzea eta aukera-berdintasuna posiblea eta beharrezkoa dela, haien jatorria edozein izanik ere. “Betidanik pentsatu izan dut gizartean parte hartzeak herritar hobea egiten zaituela, eta hiria hobetzen laguntzen duela. Eremu sozialean jarduten dut, nire militantzia politikotik eta nire lanetik, eta esperientzia horrek gauza asko ikasteko, poz ugariak hartzeko eta aldaketak egin daitezkeela sinesteko aukera eman dit. Emakume migratuok hainbat eta hainbat zirkunstantziaren eraginpean gaude, baina batez ere, luzeegi baztertu eta mendean hartu gaituen sistema baten eraginpean. Sistema horrek aukerak ukatu dizkigu jatorrizko herrialdeetan, eta beste toki batzuetan bilatzera bultzatu gaitu, gure bizitzak eta bizi garen gizarteak eraldatzeko eskubide osoarekin”, azpimarratu du Garcíak.
Stella Maris Garcíak 16 urte daramatza Bilbon bizitzen. Historiako irakaslea da, Nazioarteko Migrazioei buruzko master bat egin du eta Kulturarteko Hezkuntzan espezializatu da. Azken urte hauetan migratu taldeak laguntzeko lanetan jardun du, bereziki prestakuntzan, pertsona horiek komunitatean eta gizartean duten parte-hartzea hobetzearren. Lau urtetik gora darama EQUO Berdeak alderdian lanean, eta 2017tik Euskadiko Koordinazio Mahaiko kidea da.
Itziar Urtasun Bilboko Udalaren Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotzi ordezkariak eta Bilboko Udaleko Immigrazio Kontseiluko presidenteak, Elisabethe Romero Bilboko Udaleko immigrazio Kontseiluko bigarren presidenteordeak eta ASOCOLVA Euskadiko Kolonbiarren Elkarteko kideak, eta Norma Vázquez psikologo eta feministak osatu dute lehiaketako epaimahaia.
Iñaki Arce Sagardui artista bilbotarraren obra original bat jasoko dute sarituek, baita aintzatespeneko diploma bat ere, gaur arratsaldean Bilboko Udalean egingo den gala publikoan. Carmen Muñoz (EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Bilbao koalizioan duen zinegotzia) Stella Garcíarekin batera bertaratuko da ekitaldira