Gaurkoan, Udal Gobernuarekin aurrekontu akordioa lortu dugula iragarri nahi dugu. Akordio horren arabera, abstenitu egingo gara Udalaren 2020ko aurrekontu proiektua eztabaidatzen denean.
Nabarmendu nahi dugu akordio hau GASTEIZen aldekoa dela; begirada herritarrei zuzendu diegu, eta lehentasuna eman diegu premiazko lau behar hauei: trantsizio ekologikoa, politika feministak, berdintasun soziala, eta gazteentzako bizitza proiektua bermatzea. Alegia, akordio horren xedea da GASTEIZen inor ere ez geratzea atzean.
Akordioaren bidez, klima larrialdiaren aurkako borroka areagotuko dugu hainbat eremutan. Akordioaren bidez, politika feministak udal aurrekontuaren barnean egon behar duten tokian ipiniko ditugu. Akordioaren bidez, aurrera egingo dugu gazteei bizitza proiektua bermatzeko, etxebizitza gehiago jarriz alokairuaren merkatuan, bidezko prezioen truke. Akordioaren bidez, lehentasuna emango diogu auzoetan komunitatea sortzeari, gizarteratze prozesuetan lagunduko dugu, eta adinekoen bakardadeari aurre egingo diogu.
Guztira, 3 miloi euro baina gehiago dira:
- Berdintasuneko aurrekontua % 33 areagotuko da (+188.000 euro). Emakumeen Etxea eta LGTBI Behatokia proiektu estrategikoak bermatuko dira, eta Zerbitzuaren partida guztiak areagotuko dira Berdintasun Plana gauzatzeko, indarkeria matxisten aurka borrokatzeko eta LGTBI agenda bideratzeko.
- Bi milioi euro inguru (1.845.106,34 euro) gizarte politiketara bideratuko dira, eta lehentasunak adinekoak, arreta soziala, enplegua eta etxebizitzak izango dira.
- Milioi bat euro baino gehiago (1.041.500 euro) baliatuko da klima larrialdiari aurre egiteko. Lehen aletxoa ipiniko da Gasteizko eguzki-eraztuna garatzeko. Eraztun berdea hegoaldean itxiko da, Larragorriko parkearen lehen fasea eginez, Lasarten. Natur eremu hori higiezinen arloko espekulaziotik babestuko da.
- Abetxukoko Ancora errealitate bihurtuko da. Beharrezkoa den aurrekontu osoaz hornitzeko, hitzarmen bat gauzatuko da Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean.
Akordioak herritarrek nahi duten politika erabilgarriari eta eraikitzaileari jarraitzen dio. Herritarrek nahi duten politika etengabeko konfrontazioetatik urrun dago, eta hirian bizi garenon arazoak konpontzen dituzten adostasunak eraikitzea du xede. Herritarrek erantzunak eskatzen dizkigute, eta ezberdinen artean ere akordioak lortzeko lan egin dezagun eskatzen digute, jendearen bizitza hobetzeko.
Denok dakigu Udal honek maniobretarako espazio txikia duela, partida eta proposamen berriak jasotzeko; izan ere, diru-sarrera eta gastu arruntak oso estuak dira. Premisa horiek abiapuntutzat hartuta, uste dugu aurrekontu akordioa ona dela; izan ere, 3 milioi euro baino gehiago ez daude udal ondareko lurzorua salduz jaso daitezkeen diru-sarreren pean, eta, beraz, erabat gauzatu ahal izango da.
Bestalde, akordioaren bitartez, hiriak hurrengo hamarkadako erronkei heltzeko behar dituen proiektu estrategikoak mahai gainean jarri dira berriz, hala erronka sozialak nola klimarekin lotutakoak, eta ikuspegi feminista eta ekologista batetik, gainera.
Argitu nahi dugu gure botoa abstentzioa izango dela; bistan denez, Udal Gobernuan egongo bagina, ez genuke aurrekontu hori prestatuko. Ez dugu BAI bozkatuko, gure aurrekontua ez delako. Hala ere, arduraz jokatu behar dela uste dugu, Gasteizen bizi garen herritarrak gogoan edukita une oro.
Akordioaren bidez, Udal Gobernuak Alderdi Popularraren politika suntsitzailea baztertzea lortu dugu, politika horren ondoriozko aurrekontuak gizartearen eta klimaren kontrakoak izango lirateke-eta, erabat. Herritarrek ez dute merezi PPrekin adostutako murrizketa aurrekontu bat. Hortaz, ospatzeko modukoa da Gobernuak ikusi izana jarraitu beharreko bidea Elkarrekin Vitoria-Gasteizen politika eraikitzailea dela, eta pozik gaude 2020ko udal aurrekontuan Elkarrekinen arrastoa dagoelako.
Hurrengo astetik aurrera, aro berri bati ekingo diogu: oposizioan, lanean jarraituko dugu, modu eraikitzailean eta akordioak bilatuz. Eredu argi-argi bat dugu Gasteizerako. Herritarren arazoei erantzuteko gai den indar politiko bat gara; lehentasun politikoetan eragina izateko gauza gara, oposizio eraikitzailea eginez; eta aurrera egiten lagunduko diguten akordioak lortzeko gai gara, inor atzean utzi gabe.
[gview file=”http://euskadi.partidoequo.es/wp-content/uploads/2019/12/Resumen-Ejecutivo_EUS.pdf”]