Emakume Antifaxisten Elkarteari omenaldia egiteko Elkarrekin Podemosen proposamena onartu du udalaren Osoko Bilkurak

Elkarrekin Podemos koalizio barruko EQUO Berdeak alderdiko Carmen Muñoz zinegotziak defendatutako proposamena onartu du Bilboko Udalaren Osoko Bilkurak, Emakume Antifaxisten Elkarteari omentze-jardunaldi bat egiteko eta omenaldi hori II. Errepublikan eta Gerra Zibilean izandako emakumezkoen asoziazionismoaren elkarte guztiei zabaltzeko.

“Pozik gaude udalaren Osoko Bilkurak proposamen hori babestu duelako, eta hori Gogora institutuan urtarrilaren 10ean egingo den jardunaldiaren ospakizunean gauzatuko delako, demokraziaren alde eta faxismoaren aurka borrokatu ziren Memoria Historikoaz hitz egiten ari baikara. Historiari egin dioten ekarpena ezkutatzea edo ikusezin egitea ere emakumeen aurkako indarkeria modu bat da. Horrelako funtsezko gaietan Bilbo akordioetara iristeak indartu egiten ditu politika bera eta gure erakundeak”, Carmen Muñozek adierazi duenez.

Aurreko agintaldian Emakume Antifaxisten Elkartearen euskal komiteari errekonozimendu-ekitaldi bat egitea erabaki zen, baina azkenean ez zen burutu. Elkarrekin Podemosek ekitaldi hori jardunaldi batzuetara zabaltzea proposatu du, “emakumezkoen asoziazionismoa balioan jartzeko, funtsezkoa izan baitzen Euskadin balio demokratikoak defendatzeko”.

“Feminismoa guztiontzako etorkizun hobea erakusten ari zaigun une batean gaude. Gure aurretik izan ziren emakumeen lana aitortzeko betebeharra du udalak, demokraziaren alde egindako lana eta erakutsi zuten erresistentzia ageriko egin eta balioan jarriko duen omenaldi esplizitu eta guztiz merezitakoa eginez. Guztientzat ere zorigaitzekoak izan ziren garai haiek, zorigaitz are handiagokoak izan ziren emakume haientzat. Justizia sozialeko kontu bat da, lortzeko borrokatu ziren guztiarekin lotutako erreparazioko kontu bat”, Muñozek azpimarratu duenez.