Salmentak igotzeko xede bakarrarekin Estatu Batuetatik Europara inportatu den BlackFriday edo Ostiral Beltza badatorrela ikusirik, EQUO Berdeak alderdiak gizarteari dei egiten dio arduraz kontsumi dezan, bereziki erosketa konpultsiboen garai honetan.
Kontsumitzaileek uste dute Black Friday merke erosiz aurrezteko aukera egokia dela, baina marketinak eta publizitate gupidagabeak lortzen dute benetan behar dutena baino askoz ere gehiago erostea, eta, horrenbestez, aurreztea ezerezean geratzea.
Gainera, deskontu horien atzean oso kalitate eskaseko produktuak izaten dira askotan, langileentzat edo ingurumenarentzat oso baldintza eskasetan fabrikatuak.
Kontsumo kontziente eta arduratsua da pertsonentzat mesedegarri diren jarduerak sustatzea, eta, horrez gain, jarduera horiek naturaren kontserbazioarekin bateragarri egitea, planetako baliabideak mugatuak direlako. Larrialdi klimatiko honetan berotze globalaren efektuak arintzeko, ezinbestekoa da arduraz kontsumitzea, produktu bakoitzaren eta haren produkzio-prozesuaren atzean dagoen aztarna ekologikoa kontuan hartuz, baina baita balio etiko eta solidarioak kontuan hartuz ere.
EQUO Berdeak alderdiak dio kontsumo kontzientea aldaketarako tresna eraldatzailea dela, eta horregatik, urratsak beharrezko trantsizio ekonomiko eta sozial horretara bideratzeko, erosketak egin baino lehen hainbat hausnarketa proposatzen dizkio kontsumitzaileari, batez ere kontsumo neurrigabera hain bideratuta dauden egunetan.
Alderdi berdearen gida praktikoak honako hauek iradokitzen ditu:
-Produktuak erosi baino lehen benetako premiak ongi definitzea.
-Erosi baino lehen daukaguna konpontzea.
-Ingurune hurbilenean produzitutako produktuak eta bigarren eskuko produktuak kontsumitzen ahalegintzea.
-Merkataritza txikia eta auzo-dendak bultzatzea: toki-ekonomia eta aberastasun partekatua ahalbidetzen dute, eta giza harremanak sustatzen dituzte.
-Balio positiboak sustatzen dituzten produktuak hautatzea eta balio sexista eta biolentoak sustatzen dituztenak, aldiz, saihestea.
-Multinazional, kate handi eta azalera handiak saihestea… boterea eta aberastasuna metatu egiten dute, eta gehiegizko kontsumoa sustatzen.
-Produktuaren produkzio-prozesuari buruzko hausnarketa egitea (fabrikatzailea, produkzio-tokia, lan-eskubideak, lehengaiak, garraioa, hondakinak, etab.), eta ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren alorretan jasangarriagoak diren alternatibak bilatzea.
EQUO Berdeak alderdiak kontsumitzaileari gonbidatzen dio BlackFriday-tik GreenFriday-ra pasatzera, produktuak erostean arduraz jokatuz eta honako premia hau ahaztu gabe: gutxiago kontsumitzea hobeto bizitzea da, eta ondorengo belaunaldiei etorkizun jasangarri bat bermatzeko lagungarria.