Bultzada energia berriztagarri deszentralizatuari Euskadin, Jose Ramon Becerraren ekimenez

Gure legebiltzarkide Jose Ramon Becerrak defendatutako proposamen bat onartu du Eusko Legebiltzarrak, Euskadin energia berriztagarriari bultzada bat emateko asmoz. Apirilaren hasieran onartutako energia-autokontsumoari buruzko lege berria indarrean hasi eta energiako herritar komunitateen zuzentaraua garatu ondoren, EQUO Berdeak alderdiak beharrezkotzat jotzen zuen Eusko Legebiltzarrak bere babes espresua agertzea energia berriztagarri deszentralizatuaren garapenari. Ekimen hau onartu izanaren bidez lortu da abal hori.

“Energia garbia modu deszentralizatuan produzitzeko beharra dugu Euskadin, energia berriztagarria instalazio zentralizatu handietan produzitzeko gaitasun mugatua dugulako. Eguzkiak eta haizeak ez dute jaberik, gizarte osoarenak dira. Horregatik ziurtatu behar dugu gizarte osoak –pertsonek zein enpresek– batak zein besteak dakartzaten onurez gozatu ahal izatea, hala nola energia garbia lortzea edo energia garbia erabiltzeak dakartzan onura eta aurrezpen ekonomikoak baliatzea”, adierazi du Jose Elkarrekin Podemos koalizio barruko EQUO Berdeak alderdiko Ramon Becerra legebiltzarkideak.

  1. Eusko Legebiltzarraren iritziz, energia berriztagarrien iturriak baliabide naturalak dira eta euskal gizarte osoak –herritarrek eta enpresek– horiek erabiltzeko eskubidea du, horiek erabiltzeak dakartzan onura ekonomiko eta ingurumenekoak baliatzeko, baita energia-eredu garbiago, merkeago, bidezkoago eta deszentralizatuago baterako trantsizio energetikoa bultzatzeko ere.
  2. Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio sendotu ditzala autokontsumorako energia elektrikoko instalazio banatuak ezarri nahi dituzten enpresa eta partikularrei laguntza ekonomikoak emateko mekanismoak
  3. . Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio indartu ditzala Euskadin dauden etxeko eguzki-energiako instalazioen ikuskaritza- eta kontrol-jarduketak, bermatzeko behar bezala funtzionatzen dutela eta lagungarriak direla bizitegien eremuan diru eta energia gehiago aurrezteko.
  4.  Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio bultza dezala, bere eskumenen eremuan, Europako arautegian aurreikusitako herritarren energia-komunitateak sortzea, zeren ezinbestekoak baitira sustatzeko herritarrek zuzenean parte har dezatela energiaren ekoizpenean, kontsumoan edo banaketan eta gakoak baitira pobreziaren aurka borrokatzeko eta aurrezpena, efizientzia eta etxeko energia-kontsumoen murrizketa bultzatzeko, eta egokiak baitira teknologia eta kontsumo-eredu berriak, banaketa-sare adimentsuak eta eskaerarekiko erantzuna barne, onartzea errazteko.