EQUO Berdeak alderdiak erreklamatzen du Jaurlaritzaren ingurumen-lege berriek ekosistemen eta espezie mehatxatuen babesa bermatzeko beharrezko baliabideak bildu behar dituztela

  • Natura Ondarearen Kontserbazioari buruzko Lege Proiektuaren aurkezpenaren ondoren, alderdi berdearentzat ezinbestekoa da administrazio eskumendunek helburuak betetzeko egokiak diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak bermatzea.
  • Era berean, eskatzen da artikuluetan naturan espezie exotiko inbaditzaileak sartzea espresuki debekatzea.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Natura Ondarearen Kontserbazioari buruzko Lege Proiektua aurkezteko egin duen agerraldiaren ondoren, EQUO Berdeak alderdiaren ustez ezinbestekoa da partida espezifikoak esleitzea ekosistemen eta espezie mehatxatuen babes eraginkorra bermatzeko. Ezinbestekoa da administrazio eskumendunek egokiak diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak bermatzea Naturagune Babestuetan nahiz espezieen kontserbazioan aplikatu beharreko planetan ezarrita dauden helburuak betetzeko. “Une honetan Euskadin kudeaketa-planik ez duten espezie mehatxatuak izaten jarraitzen dugu, eta horrek amaitu egin behar du. Dirudienez ez da ulertu egoeraren larritasuna. Jardun behar dela badakigu, baina ez gara abian jartzen. Ez Jaurlaritzak ezta Aldundiek ere ez dute naturaguneak babesteko beharrezkoa den dirua bideratzen, eta gure lurraldean bizi diren 71 espezie mehatxatuak babesteko benetako interesik ez dago”, adierazi du alderdi berdearen bozeramaile Erika Martínezek.

Ildo beretik, alderdi ekologistak adierazi du beharrezkoa dela artikuluetan espresuki debekatzea naturan espezie exotiko inbaditzaileak sartzea. Gogoan izan behar dugu espezie exotiko inbaditzaileak mundu mailan biodibertsitate-galeraren bigarren arrazoia direla, eta horregatik horiek kontrolatzea eta desagerraraztea funtsezkoa da natura-ondarearen kontserbazioa ziurtatzeko.

Bestalde, EQUO Berdeak alderdiaren ustez Lege-proiektuak lurzoruen iragazkortasuna bermatu behar du, bereziki hiri-inguruneetan, euri-ura akuiferoetan iragazteko eta estolderia-sistemetan ez amaitzeko. Ibaien eta errekastoen ur-bazterrak leheneratzeari dagokionez, igarobide ekologikoez haraindi, izaki bizidunen zirkulazio eta kokapenerako mosaiko egokia ziurtatzen duten neurriak aurreikusi beharko lituzkete administrazioek.

Sailburuak legebiltzarreko batzorde berean aurkeztu duen Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Lege Proiektuari dagokionez, EQUO Berdeak alderdiak erreklamatu du neurri osagarriak ezar daitezela baimentze-prozedura guztietan parte-hartze publikoa bermatzeko, adibidez, jendeak oro har Ingurumenerako Aholku Kontseiluari bere eskumeneko gaiei lotutako txostenak egin ditzan eskatu ahal izatea egokitzat eta beharrezkotzat jotzen duenean, eta hori ez dago aurreikusita lege-proiektuan.

Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Legearen helburu nagusia jarduera ekonomikoak eta ingurumenaren babesa bateragarri egitea da. Ildo horretan, EQUO Berdeak alderditik ohartarazten dutenez “jasangarritasuntzat ulertzen dutenarekiko oso erne egon beharko dugu”, interpretazio hori ikuspegi produktibista edo neoliberalarekin egiteko arriskua baitago.

Bestalde, EQUO Berdeak alderdiaren ustez, jarduera bat ezarriko den lekuko auzotarrei jakinarazteko izapidea soilik dagokion aldizkari ofizialean eta egoitza elektronikoan argitaratuz egitea guztiz okerra da. “Legeak ez lituzke herritarrek parte hartzeko posibilitateak mugatu behar izapideen arintasun handiagoa lortzeko aitzakiarekin. Hori praktikan arriskutsua da. Administrazioaren eta interes pribatuen edo lobbien aldetik jarduera arbitrarioak areagotu ahal izango lirateke”, adierazi dute alderdi berdeko kideek.