Elkarrekin VG alderdiak salatu du igoera bidegabeak izan direla Vitoria-Gasteizko argien eta udal-eraikinen elektrizitate-fakturetan

  • 2015etik 2017ra bitarte, Vitoria-Gasteizko argiteria publikoaren faktura % 16 igo zenez, aparteko 600.000 euro ordaindu behar izan dira.
  • Salburua Gizarte Etxea, Udaletxe berria, autobus-geltokia eta Mendizorrotza dira 2016tik 2017ra bitarte kontsumoan igoera handiena izan duten eraikinak (% 40tik % 75era bitartekoa).

Elkarrekin Vitoria-Gasteiz alderdiko (Ahal dugu, Ezker Anitza IU, EQUO Berdeak) bozeramaile Oscar Fernándezek gaur salatu du igoera bidegabeak izan direla Vitoria-Gasteizko Udalaren elektrizitate-faktura askotan. Fernándezek 2015., 2016. eta 2017. urteei dagozkien fakturetatik lortzen diren datuak azaldu ditu, horiek baitira azken datu publikoak. Daturik deigarriena da argiteria publikoari dagokion faktura % 15,92 igo dela, 2015. urtean 3.868.211,99€-koa izatetik 2017. urtean 4.483.888,18€-koa izatera igaro baita; horrek esan nahi du 615.676,19€-ko igoera izan dela.

Gainera, Oscar Fernándezek nabarmendu du lau eraikin publikotan izan direla igoerak 2016tik 2017ra bitarte:

-Salburua Gizarte Etxearen fakturaren zenbatekoa 100.000 euro igo da eta kontsumo elektrikoa 650.000 kWh; horrek esan nahi du % 56ko igoera izan dela.

-Udalak San Martinen dituen Bulego Teknikoen fakturaren zenbatekoa 40.000 euro igo da eta kontsumo elektrikoa 443.000 kWh; horrek esan nahi du % 40ko igoera izan dela.

-Autobus-geltokiaren fakturaren zenbatekoa 30.000 euro igo da eta kontsumo elektrikoa 300.000 kWh; horrek esan nahi du % 75eko igoera izan dela.

-Mendizorrotza futbol-zelaiaren fakturaren zenbatekoa 30.000 euro igo da eta kontsumo elektrikoa 314.000 kWh; horrek esan nahi du % 74ko igoera izan dela.

Lau eraikin horiek 200.000 eurotik gorako igoera izan dute 2016tik 2017ra bitarte.

Fernándezek adierazi du igoera horiek ez dutela inolako loturarik Urtaran alkateak horrenbesteko harrokeriaz aipatzen dituen Green politikekin. “Urtaranek sariak jasotzeaz arduratu beharrean Vitoria-Gasteizen alde lan egiteaz arduratu beharko lukeela esaten dugunean Udalaren elektrizitate-faktura bezalako gaiengatik esaten dugu”. Udalaren energia-kostua 17.267.928,78€-koa izan da 2017an, hirugarren zenbateko handiena langileen gastuaren eta garbiketa-kontratuaren ondoren. Elkarrekin Vitoria-Gasteiz alderdiak ezin du ulertu nola igotzen den kontsumoa argiterian eta eraikinetan eta bien bitartean harrotasunez adierazten den inbertsioak egin direla eraikinetan energia aurrezteko eta energia-eraginkortasunerako. “Beti jarri izan digute San Martineko eraikina eraikin jasangarriaren adibide gisa. Baina errealitateak eta datuek erakusten digute eraikin horretako kontsumo elektrikoa igo egin dela eta, ondorioz, atmosferarako CO2-ren emisioak”, adierazi du Fernándezek. Horregatik, Elkarrekin Vitoria-Gasteiz alderdiaren bozeramaileak eskatu du egoera hori sakontasunez aztertzea eta igoera hori zergatik ari den gertatzen argitzea.

Gainera, Oscar Fernándezek gogorarazi du Udalak kontratu bat egin zuela Ecooo enpresarekin Vitoria-Gasteizko Udalaren auditoria ekonomikoa eta energiaren alorrekoa egiteko. Auditoria hori 2015., 2016. eta 2017. urteetarako egin zen, baina blokeo politikoa izan du 2018an. Izan ere, udal-gobernuak azken bi urteetan ez ditu jendaurrean erakusgai jarri nahi izan Udalaren energia-datuak.