Klimaren aldeko Mundu Grebaren astean
- Alderdi politiko berdeak bat egiten du klimaren aldeko mundu-mobilizazioekin
- Alderdiko hautetsi eta langileek bat egingo dugu irailaren 27rako, ostirala, deitutako lan-grebarekin.
EQUO Berdeak alderdiak babesten du eta bat egiten du, logikoa denez, historian klimaren alde antolatu den mobilizazio handienarekin. Alderdi berdeko kideok poztu egiten gara aurrekaririk gabeko mugimendu hori aktibatu delako, eta, horrez gain, ekimen horren eskari guztiekin eta bakoitzarekin bat egiten dugu.
Alderdi politiko berdeak espero du munduan irailaren 20tik 27ra bitarte garatuko diren ekintzek mugarri historiko bat ezartzea, hau da, iragana atzean uzteko eta etorkizunari begira aurrera egiteko bide bat markatzea, eta. ildo horretan, gobernu-politiketan hainbat aldaketa eragitea, maila desberdinetan, gizarte- eta ingurumen-justiziaren alde.
Alderdi ekologistak iragarri du klimaren aldeko mobilizazioekin bat egingo duela. Alderdiko hautetsi eta langileek babestu egingo dugu irailaren 27rako, ostirala, deitutako Klimaren aldeko Mundu Greba. Ildo horretan, deialdi berezia egin nahi diegu jarraitzaileei, militanteei eta oro har herritarrei, mugimenduarekin bat egin dezaten eta ekintza horiek zabaltzeko zereginean lagun dezaten.
Gazteak eskatzen ari dira ekintza politikoa berehala abian jartzea, klimaren krisiak ekarritako urgentziaren mailan. Izan ere, etorkizuneko aukerak kinka larrian daudela ikusten dute, eta zuzen dabiltza giza ekintzei leporatzen dietenean planeta kolapsora daraman egoeraren erru guztia. Klima-larrialdiaren aurrean, EQUO Berdeak alderdiko kideok uste dugu gobernuek berehala erreakzionatzen badute zeharkako politika efizienteak inplementatuz, oraindik garaiz gabiltzala deriba horren efektuak arintzeko eta klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko bidea errazteko.
Alderdi ekologistan uste dugu administrazio guztiak ongi koordinatu behar direla borroka horren buruan jartzeko, eta gizarte osoa ere inplikatu behar dela uste dugu, aldaketaren aldeko borondatea eta benetako konpromisoa erakutsiz. Konponbidea lortzeko, ezinbestean, sozialki eta ekologikoki bidezkoa eta jasangarria izango den beste eredu batera egin beharko dugu aurrera, kapitalismo aseezinak agindutako hazkunde mugagabeko tesietatik urruti. EQUO Berdeak alderdiak defendatzen eta sustatzen duen ekonomia berderanzko trantsizio horretan aurrera egiteko oso lagungarria izango litzateke Green New Deal edo Akordio Berde Berri bat abiaraztea, Alexandria Ocasio-Cortez kongresista estatubatuarrak egindako proposamenaren ildotik. Itun horren helburua da enplegu berdeak sortzea, horretarako inbertsio publiko eta pribatuak eginez klima-aldaketaren efektuak arintzeko, hau da, emisioak eta kutsadura murrizteko, energia-efizientzia sustatzeko, biodibertsitatea babesteko, etab