Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin bat etorriz
EQUO Berdeak alderdiaren ustez, Eusko Jaurlaritzari eusten dioten alderdiek (EAJ-PSE) bultzatzen duten egungo mugikortasun-ereduak ez die erantzuten euskal gizartearen gehiengoaren beharrizanei, eta ez du bermatzen mugikortasun jasangarria egikaritzeko duten eskubidea, eskubide hori Sanitaterako edo Hezkuntzarako eskubidea bezala lehen mailakoa den arren. Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen mugikortasun-eredua ez da osasungarria, eta era berean ez da sozialki inklusiboa, energetikoki jasangarria, ekologikoa eta nahikoa efizientea.
Lurraldearen egungo plangintzarekin, autoari eta pertsonei destinatutako espazioen artean desproportzio nabarmenarekin diseinatuta dauden udalerriekin, zaila izaten jarraitzen du hiriguneetan oinez edo bizikletaz mugitzeak, edo hiriarteko desplazamenduetan ibilgailu pribaturik gabe mugitzeak.
Eusko Jaurlaritzak ibilgailu pribatuari lehentasuna ematen jarraitzen du. Autoaren erabilerari sustagarriak kendu ordez, Urkulluren gobernuak urte honen hasieran ‘plan renove’ bat abian jarri zuen ibilgailuen erosketari diru-laguntza emateko, horien teknologia edozein izanik ere, eta ez soilik hibridoak edo auto elektrikoak. Motorizatu gabeko desplazamenduak, oinez edo bizikletaz egindakoak, indartzea da petrolioarekiko mendetasuna murrizteko neurririk onena.
Bestalde, SuperSur edo Euskal Y bezalako azpiegiturak sustatzen jarraitzen dute, nahiz eta eztabaida handia sortzen duten euren errentagarritasun soziala eta finantzarioa zalantzan dagoelako eta gainera CO2ko emisioen murrizketarik edota energia-aurrezpenik ez dakarten, beharrezkoak diren garraio publikoko azpiegituren garapenaren kaltetan, adibidez aldiriko tren-sare efiziente baten edota autobus elektrikoen linea gehiago eta maiztasun handiagoen kaltetan. “Jaurlaritzak horri guztiari temati ekiten dion bitartean, bere marketing berdeko estrategia landuaren bitartez, batez ere Europako Aste hau bezalako egutegiko data berezietan, herritarrei bizikleta gehiago, ibilgailu elektriko gehiago saltzen jarraitzen du, baina pertsonek mugikortasun jasangarrirako duten eskubidea bermatu gabe”, diote atsekabez alderdi berdetik.
EQUO Berdeak alderdiarentzat mugikortasun jasangarrian aurrerantz egiteko ezinbestekoa da euskal udalerriak gune trinko eta integratu bihurtzea, hurbiltasuneko hirigintzatik diseinatuak, oinezkoak abiapuntu gisa hartuz eta oinezko desplazamenduen, bizikletaren eta garraio publikoaren sustapena eginez eta ibilgailu pribatuaren erabilera murrizten ahaleginduz.
Bestalde, alderdi ekologistak uste du garraio publikoa finantzatzeko Lege bat baliagarria izango litzatekeela udalei zerbitzu horren finantzaketaren pisua kentzeko; izan ere, udalek biltzen dituzten zergak gutxiegi dira zerbitzu horri eusteko. Horrek era berean zerbitzuaren prezioan eragina du, ez baita beti finkatzen irizpide ekitatiboak edo zerbitzuaren kalitatea kontuan izanik.