9 alegazio erregistratu ditugu Gasteizen trenbidearen zati bat lurperatzeko proiektuaren harira

  • Elkarrekin Vitoria-Gasteiz uda-taldeak kritikatzen duenez, EAJren, PSOEren eta PPren proiektuak bi hiri marrazten ditu: lehen mailako hiri bat erdigunean, eta bigarren mailako beste bat Zabalganan eta Salburuan.
  • Elkarrekin Vitoria-Gasteiz udal-taldeak herritarren parte-hartzerako prozesu bat irekitzea eskatzen du, trenbidea Gasteizen integratzeko konponbiderik onena guztion artean erabakitzeko.

Oscar Fernández Elkarrekin Vitoria-Gasteiz (Ahal Dugu, Ezker Anitza IU, EQUO Berdeak) udal-taldeko bozeramaileak aurkeztu ditu trenbidea Gasteizen integratzeko proiektuaren informazio-azterlanaren harira koalizioak erregistratu dituen alegazioak. Bederatzi alegazio dira guztira, eta nagusiki azpimarratu nahi dira, batetik, proiektuak Salburua eta Zabalgana auzoetan eragingo dituen arazo larriak, eta, bestetik, Jundiz-Belgika trenbide-autobidea martxan jartzearekin batera iritsiko diren salgai-trenen trafikoak bideratzeko ezintasuna.

Hasteko Fernándezek nabarmendu du Ministerioak aurkeztutako eta EAJk, PSOEk eta PPk adostutako proiektuak atzerapauso bat suposatzen duela, bi hiri marrazten dituelako, lehen mailako hiri bat erdigunean, eta bigarren mailako beste bat Salburua eta Zabalgana auzoetan. Gogora ekartzekoa da Informazio Azterlanaren arabera trenbidearen zati bat lurperatu egingo dela hiritik igarotzean, eta, aldi berean, hiriaren beste zati handi batean, nagusiki Salburua eta Zabalgana auzoetan, jardunaren ekialdean eta mendebaldean, lur gaineko trafikoa nabarmen handituko dela, eta horren ondorioz, 45.840 pertsona, gutxi gorabehera, alboko efektuen (zaratak, dardarak…) esposizio handi baten eraginpean egongo direla, salgaien joan-etorriak barne, pertsonek ingurune osasuntsu batean bizitzeko duten eskubidearen kaltetan, argi eta garbi.

Horrez gain, Informazio Azterlanean trenbidea Gasteizen integratzeko proposatzen den proiektua ez da nahikoa datozen hamarkadetan salgaien trenen joan-etorriak bideratzeko, proiektuak salgaietarako bide bakar bat baino ez duelako aintzat hartu. Parisko Akordio Klimatikoan trantsizio ekologikoaren alde hartutako konpromisoa betetzeko, Gasteiztik igaroko diren salgaien trenak orain baino 10 aldiz gehiago izango dira. Horrek esan nahi du egunean gutxi gorabehera 150 tren igaroko direla noranzko bakoitzean, eta horretarako bide bikoitza eduki beharko da, seinaleztatzeko eta kontrolatzeko sistema egoki batekin batera. Proiektu horiek ez dira bildu lurperatzearen harira aurkeztutako azterlanean.

Azterlanean beste gai polemiko bat ere bildu da, kostuei buruzkoa, hain zuzen. Informazio Azterlanaren arabera, Integrazioak 872 milioi euroko kostua izango du, gutxi gorabehera. Nabarmentzekoa da iparraldea lurperatzeko proiektuak (geltoki intermodal batekin, Arriaga parkearen inguruan) 476 milioi euroko kostua zuela (2010),eta trenbidea hiri osoan erabat lurperatzea proposatzen zuela, luzera guztirako tunel bikoitza barne. Horregatik, Fernándezek Ministerioari eskatu do 2010eko Informazio Azterlanean bildutako proiektuaren kostu-eguneratzea argitaratzeko, horrela bi proiektuen kostuak konparatu ahal izateko.

Amaitzeko Fernándezek adierazi du Gasteizen abiadura handia integratzeko proiektuak hasi zirenez geroztik igaro diren urteetan erakundeek ez dutela prozesu bat ere garatu herritarrei horren inguruan informatzeko edota herritarrei kontrastatu eta parte hartzeko aukera emateko. Hori dela-eta, herritarren parte-hartzerako prozesu bat irekitzea ere eskatu du Elkarrekin Vitoria-Gasteiz udal-taldeak.