- Alderdi berdeak 17 alegazio aurkeztu ditu klima aldaketaren gaineko Euskadiko lege aurreproiektuari buruz, “klima-larrialdi” izendapena jar dakion eskatuz.
- EQUO Berdeak alderdiak lege aurreproiektu hau asmo deklarazio hutsa dela eta gas igorpenak murrizteko konpromiso sendo eta derrigorrezkorik ez duela ezartzen kritikatzen du.
EQUO Berdeak alderdiak klima aldaketaren gaineko Euskadiko lege aurreproiektuari buruzko 17 alegazio erregistratu ditu gaur Eusko Jaurlaritzan. Alderdi berdearen aburuz aurreproiektu hau asmo onen laburpen bat besterik ez da, ezer zehatzik finkatu gabe eta epe labur eta ertainean abian jarri beharra dauden ardurei muzin eginez. Aurreproiektuak klima aldaketaren kontrako borroka kontsumitzailearen “nahitara” uzten du, bizi dugun klima-krisialdi egoeraren kontra ekiteko balioko ez duen porrotaren politika eginez. Horregatik, alderdi berdeak erregistratu duen lehen alegazioak legearen izen aldaketa proposatzen du “Klima-Larrialdirako Legea” izan dadin.
EQUO Berdeak alderdiaren aburuz Aurreproiektuak eragin eremu oso mugatua dauka, argi utziz Gobernuak legearen aplikatzea ia esklusiboki Ingurugiro Sailaren esku utzi beharra ulertzen duela. Zeharkako ikuspegi baten beharraz hitzegiten duten artikuluak dauden arren, gero hori ez da inon adierazten plan, proiektu eta aurrekontuei buruzko klima-txostenak egiteko derrigorrezkotasunaz haratago.
EQUO Berdeak alderdiak euskal ekonomiaren karbono neutralitatearen helburuaren epea 2050etik 2040ra aurreratzeko beharra azpimarratzen du; helburu zehatzak ezarri daitezen ere eskatzen du, negutegi efektua areagotzen duten gasen igorpena 2030erako %30 murrizteaz haratago, oso helburu askieza baita horixe ere Nazio Batuetako klima adituen aginduei behatuz gero.
EQUO Berdeak-ek klima larrialdi testuinguru batean onargarri diren jarduera industrialak legez mugatzea eskatzen du ere, arau zigortzaileak gogortzeaz batera. Ez da nahikoa industria, merkataritza eta zerbitzu jarduera berrien klima aldaketaren gaineko arriskuen analisi bat egitea, aurreproiektuak jasotzen duen bezala.
Horrez gain, alderdi berdeak Klimaren Aldeko Kultura Hegemoniko bat sustatzeko kapitulu bat sartu nahi du legean. “Aurre egin behar diegun aldaketak hiritargoa informatuta eta kontzientziatua badago, eta klima larrialdiaren neurrira ekiteko prestutasuna badauka soilik izango dira posible. Hau lortzeko modu bakarra dago eta klimaren aldeko kultura sortzea da, iraganean kultura kapitalista eta kultura kontsumista sortu ziren bezala. Hezkuntzaren betekizuna funtsezkoa da arlo honetan, baina baita kulturarena, artearena eta nortasun kulturalarekin loturik daukagun guztiarena ere”; ohartarazten dute EQUO Berdeak-etik.
EQUO Berdeak alderdiak genero ikuspegia Legean sartzea eskatzen du, egoera honi buruzko inolako aipurik ez baitu egiten. Gainera, erregai fosilen hustiaketa proiektu berriak legez ukatzea eskatzen du, inbertsio guztia energia berriztagarrietara eta energia aurreztu eta eraginkortasunera bideratuz.
Azkenik, legea bideratu eta abian jartzen den bitartean, EQUO Berdeak-ek klima larrialdiari aurre egiteko premiazko neurriz osatutako plan bat abiatzeko exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari, energiari dagozkion neurri zehatzen katalogo bat barne: garraiobide, eraikuntzak eta hirigintza, nekazaritza eta abelzaintza, edota industriari dagozkion neurri zehatzak hain zuzen.