Elkarrekin Vitoria-Gasteiz (Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo Berdeak) udal-taldeak udaletxean egin du gaur aurkezpena, eta azpimarratu du bere lan-lehentasuna legegintzaldi honetan hiriburuak hurrengo hamarkadako gizarte- eta ingurumen-arloko erronkei aurre egitea dela, inor ere atzean utzi gabe. Taldeko hiru zinegotziek (Gema Zubiaurre, Oscar Fernandez eta Garbiñe Ruiz) hurrengo lau urteetan lanerako baliatuko dituzten ardatzak nabarmendu dituzte:
- Inor ere atzean ez geratzeko bloke soziala, zeinean azpimarratzekoak diren joko-aretoen eta apustu-lokalen arautzea, Etxebizitza Bulego bat eta alokairu sozialeko Etxebizitzen Parke Publiko bat, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kudeaketa publikoa berreskuratzea, adinekoentzako eguneko zentroen sarea handitzea auzoetan, eta etxeko otordu-zerbitzuaren itxarote-zerrenda kentzea.
- Hainbat ekintza biltzen dituen bloke berdea, hala nola Mugikortasun Jasangarrirako Herritarren Ituna, trenbidea osorik lurperatzeko bultzada, garraio publiko elektrifikatuaren ezarpena, garraio publikoko sareak industrialdeekin konektatzea, Energia Trantsizioko Agentzia eta energiaren udal-arloko enpresa merkaturatzaile bat, eta Eguzki Eraztun bat sortzea.
- Aurrekontuaren gutxienez % 1 blindatuko duen bloke morea, betiere indarkeria matxisten aurka borrokatzeko, zeinean hainbat proiektu (Emakumeen Etxea, Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako Behatokia) gauzatuko diren, eta prestakuntza emango zaion udal-plantilla osoari –arreta berezia Udaltzaingoan jarrita– sexu- eta genero-alorreko berdintasunaren eta dibertsitatearen arloan, eta zeinean politika feministak zeharkako egingo diren.
Garbiñe Ruizek adierazi duenez, “zoritxarrez, politika feministak beti egon dira udaleko beste proiektu eta sailen mende. Feminismoa zeharkakoa izan dadila defendatzen dugu gure udal-taldean, eta bizi garen gizartea eraldatuko duen elementu gisa baliagarria izan dadila. Horregatik, bultzada handia eman nahi diogu legegintzaldi honetan, dagozkion baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak gehituta. Gasteiz benetan hiri morea izan dadin”.
Oscar Fernandezek azpimarratu duenez, “legegintzaldi honetan klima-larrialdiari eta krisi sozialari aurre egin behar diegu trantsizio ekologikoaren bidez, trantsizio hori baliagarria izan dadin gure sistema ekonomiko eta gure produkzio-eredua eraldatzeko. EAJk eta PSEk defendatzen duten oparotasunean, diru-xahuketan eta makroproiektuetan oinarritutako ereduak porrotera garamatza. Horregatik, herritarrekin debatea eta adostasuna berreskura ditzala eskatzen diogu gobernuari. Hori da XXI. mendeko erronkei aurre egiteko bide bakarra”.
Amaitzeko, Gema Zubiaurrek, bere aldetik, adierazi duenez, “trantsizio-prozesu honetan ezin dugu onartu inor ere atzean gera dadila. Horregatik, pertsona guztientzako zoru sozial bat ziurtatzeko lan egingo dugu, udal garen aldetik Gasteizko herritar guzti-guztiei bizitza duina bermatzea baita gure betebeharra”.