- “Elkarrekin Podemosek bezerokeria eta ustelkeria borrokatzeko duen konpromisoari eutsiko badio, izurri hori akabatzeko mekanismoak lantzen jarraitu behar du”, azaldu du Cristina Macazagak
Elkarrekin Podemosek lege proposamen bat aurkeztu du gaur euskal ganberan, babesa emateko Euskadin ustelkeria salatzen dutenei.
Ustelkeriaren Eurobarometroaren arabera, europarren %81ek ez zuten ustelkeria salatu mendekuaren beldur baitziren. Europako Batzordeak dioenez, berriz, salatzaileak babestuko lituzkeen arau hori ezarriko balitz, 5.800-9.600 milioi euroren etekinak emango lituzke urtero kontratazio publikotan eta 50.000-70.000 milioi euro sartuko lirateke zerga bidezko irabazietan.
Kopuru horiek ikusita, badirudi nahitaezkoa dela salaketa horiek egingo lituzketen pertsonak babesteko mekanismoak ezartzea.
Herritarren partaidetza da modurik onenetako bat ustelkeria politikoa azalarazteko eta borrokatzeko, eta, hortaz, babestu eta sustatu egin behar dute botere publikoek hura.
Gauzak horrela, badirudi erdiesteko modukoa zela lege proposamen bat aurkeztea parlamentu honetan. Alabaina, gertatu da gobernuak lege proposamenaren kontrako jarrera hartu zuela, nahiko harrigarria.
“Zuek gaur lege proposamen honen aurka emango duzue botoa, berau Europako Zuzentarauaren antzekoa izanik. Zuzentarau hori, jakingo duzuenez, nahitaez bete beharrekoa da, eta EAJren eurodiputatu Bilbao andereak aldeko botoa eman zuen PSEko Jauregi jaunarekin eta EAEko PPko Iturgaitz jaunarekin batera, bai eta beste 588 europarlamentarirekin batera ere”.
Ondoren, honela esan du Macazagak: “Antzeko ekimen bat izapidetzen ari dira orain Kataluniako Parlamentuan, Junts Per Catalunyaren, Esquerra Republicanaren, En Comu-Podemen, CUPen eta, are, Kataluniako Alderdi Sozialistaren babesarekin. Horko parlamentariak, Terrades jaunak, zera esan zuen hitza hartu zuenean, salatzaileen konfidentzialtasuna gorde beharra dagoela eta modu eraginkorrean babestu. Gainera, Ciudadanosen beste batekin batera izapidetu zuten. Beldurrik eta konplexurik gabe”.
Lege proposamen honek erabat babesten ditu ohartarazten dutenak ezen Adminsitrazio Publikoak nahiz sektore pribatuak arauak hausten ari direla ondare komunaren aurka, eta kanal seguruak ezartzen ditu, herritarren Ohartarazpenetarako Bulegoarekin eta zehapen araudi batekin. Euskal sektore publiko guztiari aplikatzen zaio, hala nola Legebiltzarrari eta unibertsitateei, baita sektore pribatuko eremu zabal bati ere, hala nola alderdi politikoei, profesionalen elkargoei eta sindikatuei.
Horretaz gainera, ohartarazpen egileei zenbait eskubide aitortzen dizkie: segurtasunerako eskubidea, kalte ordain ekonomikoa eta lan arlokoa, prozesuaren parte izateko eskubidea edo babes eraginkorra eta aholkularitza juridikoa jasotzeko eskubidea.
Bestalde, zenbait babes neurri ezartzen dira, lanik ez galtzeko edo, hala denean, kontraturik ez hausteko.
Macazagak honela esan du amaieran: “Ia sektore publiko osoak eta sektore pribatuaren zati handi batek ohartarazpenak jasotzeko kanalak ezarri behar ditu, eta etorkizuneko gure Gardentasun Legeak ez du halakorik ahalbidetuko. Lege honekin, edozeinek ohartarazi ahalko du Herritarren Ohartarazpenetarako Bulegoan, eta, are, salaketa publikoak egin ahalko ditu aurrekoak ez badu funtzionatzen. Hori arautzen duten organismoak ondo daude, baina beharrezkoa da ohartarazpen egileak sumatzea bere eskubideak babestuta daudela. Izan ere, hori da gaurko hizpidea: eskubideak babestea, alegia”.