Elkarrekin Podemosek aldarrikatzen du, batetik, Arabako nortasunari eutsiko dion nekazaritza eta abeltzaintzako eredu bat, eta, bestetik, Gasteizen enplegua sortzeko eta elikagaien segurtasunean aurrera egiteko lagungarri izango den Nekazaritza Eraztun bat

  • Foru-kandidaturak lurra eskuratzen laguntzeko neurri eta programak proposatzen ditu, emakume, gazte, profesional eta nekazaritza-kooperatibentzat.
  • Udal-kandidaturak Eraztun Berdearen ahalmena aprobetxatu nahi du, eta hiri-baratzeen sarea auzo guztietara zabaldu.

Gaur, San Isidro egunean, Elkarrekin Podemosen (Ahal Dugu, Ezker Anitza IU, Equo Berdeak) kandidaturak nekazaritza eta abeltzaintzako eredu bat aldarrikatu du, hain zuzen ere, enplegu duina sortzeaz gain, Arabako nortasunari eutsiz klima-aldaketaren aurkako borrokan zeresan handia izango duen eredu bat. Hala, Landa Garapen Jasangarrirako Politika sendoago eta partizipatiboago baten aldeko apustua berretsi du koalizioak, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin bat eginez nekazaritzako elikagaien produkzio-eredu bateranzko trantsizio ekologikoa indartzeko.

Nekazaritza-eraztuna Gasteizen

Aurrekontu partizipatiboen programari esker abian jarri berri diren Lakuabizkarrako hiri-baratzeetatik, Elkarrekin Podemosen udal-kandidaturak aldarrikatu nahi izan du hiri-nekazaritzak XXI. mendeko hirietan duen garrantzia. “Proiektu jakin batzuk — Zabalortu Zabalganan, Basalburu Salburuan edo Lakuakolore Lakuabizkarran— ezinbestekoak dira gizarte- eta elikadura-elkarguneak sortzeko.  Elkarrekin Podemoseko kideok aurrera jarraitu nahi dugu Gasteizen azken hamarkadan garatu den hiri-baratze komunitarioen sarea indartzeko bidean, Udalak gidatutako proiektuen bitartez (Urarteko baratzeak, Abetxukon) zein auzo-proiektu komunitarioen bitartez. Hiriko auzo guztietara iritsi nahi dugu”, adierazi du Garbie Ruiz udalerako hautagaiak.

Bestetik, Oscar Fernández Irabaziko zinegotzi eta hautagai berdeak zehatz-mehatz azaldu du koalizioak nekazaritzaren alorrerako daukan proposamen nagusietako bat. Fernándezek adierazi duenez, “Elkarrekin Podemosen lurraren balioa berreskuratu nahi dugu, gure elikagaien bermea den heinean. Horixe da gure betebeharra, benetan Green Capital bat izan nahi badugu”. “Gasteizek elikagaien segurtasunerako bidean aurrera egin dezala lortu nahi dugu, eta, horretarako, hiriaren inguruan Nekazaritza Eraztun bat sortzea proposatzen dugu, Eraztun Berdearen ildo beretik, bertan jarduera agroekologikoak inplementatzeko eta nekazari berrien prestakuntzarako udalaren lur-banku bat garatzeko”, erantsi du Fernándezek.