Elkarrekin Podemosek lortu nahi du Aiaraldea bioeskualde bihurtzea

  •  Koalizioaren ustez, bertako abeltzaintza eta nekazaritza ikusirik, lurraldeak badu ahalmen nahikorik autosufizientea izateko.
  • Arantxa Abecia diputatu nagusia izateko hautagaiak eta Txema Ruiz de Apodaca Batzar Nagusietarako eskualdeko hautagaiak ezinbestekotzat jotzen dute bertako merkatuak, artisautza eta produkzio ekologikoa sustatu eta bultzatzea.

Elkarrekin Podemosek (Ahal Dugu Podemos, Ezker Anitza eta Equo Berdeak) Laudioko Udalera eta Arabako Batzar Nagusietara aurkezten duen kandidaturaren asmoa da Aiaraldea ‘bioeskualde’ bihurtzea, klima-aldaketaren ondorioen aurkako borrokan eredugarria izango dena. Koalizioaren ustez, bertako abeltzaintza eta nekazaritza ikusirik, lurralde honek badu ahalmen nahikorik hainbat baliabideren autosufizientzia bilatzeko, eta horrela, bide batez, berdintasun eta kohesio sozialari egingo dio mesede, jendearen eta tokiaren arteko harremanen sarea berriz ere eratuz. Gainera, koalizioaren iritziz, bertako jendeak behin baino gehiagotan erakutsi du jasangarritasunaren alde eta berotze globalaren kontra borrokatzeko sentsibilizatuta dagoela. Horregatik uste dute planteamendu horren aldeko babes eta inplikazio soziala ziurtatuta dagoela.

Elkarrekin Podemosen proposamen hori beste hainbat neurrirekin batera aurki dezakegu koalizioaren programan. Programaren helburua da nekazaritza, abeltzaintza eta basozaintzarako familiako eredu sozial, bideragarri eta jasangarria sustatzea, lurraldearekin uztartua, enplegua sortuko duena eta berrikuntza sustatuko duena, hori guztia funtsezkoa baita klima-aldaketara egokitzeko.

Arantxa Abecia diputatu nagusia izateko hautagaiak eta Txema Ruiz de Apodaca Batzar Nagusietarako eskualdeko hautagaiak Arespalditzan iragarri dituzte proposamen horiek, San Isidro egunean antolatu ohi den nekazaritza-azokari egindako bisitaldiaren esparruan. Bioeskualdea konfiguratzeko planteatu beharko diren ildo estrategikoen artean, Arantxa Abeciak beharrezkotzat jotzen du elikagaien subiranotasunerako ekimenak sustatzea plan espezifikoen bitartez, baita toki-merkatuak, artisautza eta produkzio ekologikoa sustatu eta bultzatzea ere. Diputatua izateko hautagaiak Arespalditzan zegoela aprobetxatu du zentro sozialean emakume abeltzain eta nekazariei buruzko argazki-erakusketa ikusteko, eta landa-sektoreko emakume langileen aldeko konpromisoa berretsi du. “Landa-munduan bizi diren emakumeek beren autonomia bermatzeko behar dituzten gizarte-zerbitzuak eta azpiegiturak eduki ditzatela lortu nahi dugu, beren bizi-proiektuak beren herri eta eskualdeetan garatzeko aukera izan dezaten, migrazio-prozesuetara ezinbestean jo beharrik gabe, horren ildotik, jakina denez, deserrotze sozial handia eta gure herrien abandonua etorri baitira. Landa-inguruneko emakumeak indartuz eta ahaldunduz komunitatea eraikitzeko bidean egongo garelako”, azpimarratu duenez.

Bestetik, Txema Ruiz de Apodaca Batzar Nagusietarako hautagaiak nabarmendu duenez, bioeskualde bihurtu ahal izateko ezaugarri natural, geografiko eta historiko ezin hobeak dauzka eskualdeak. “Esaterako, eskualdean dauzkagun larreak eta klima oso aproposak dira abeltzaintzako ustiategietarako. Beste eskualde batzuetan abeltzaintzako ustiategi handiak dauzkate, baina ur gutxi dutenez, larreekin eskas samar dabiltza uda-partean. Eta abereak pentsu garestiekin elikatzea beste erremediorik ez dute izaten inguru horietan. Hemen, ordea, ura eta larreak urte osoan dauzkagu, eta horri esker ustiategiaren kostua murritz dezakegu etekin ekonomikoen mesedetan. Horrez gain, abereak oso lagungarriak dira mendiak garbi eta txukun edukitzeko, eta horrek suteak izateko arriskua txikiagotzen du”, Ruiz de Apodacak azaldu duenez