Elkarrekin Podemosek automobilgintzaren trantsizio justu bat aldarrikatu du Gasteizen, enplegua bermatu ahal izateko.

  • Koalizioak salatu duenez, orain artean gobernatu duten alderdiek ezikusiarena egin dute, eta horrela, Gasteizentzat eta Arabarentzat funtsezkoa den sektore bat kolokan jarri dute.
  • Udal- eta foru-kandidaturak egungo eredurako alternatibak defendatzen ditu, Arabako industriaren jasangarritasunean, berrikuntzan eta balio sozial erantsian oinarrituta.

Elkarrekin Podemosek (Ahal Dugu, Ezker Anitza IU eta Equo Berdeak) automobilgintzaren trantsizio justu bat aldarrikatu du gaur, Mercedes faktoriaren ateen aurrean, Juantxo López de Uralde Arabako diputatu berrautatu berriaren babesarekin. “Industria horrek funtsezko garrantzia du Gasteizen eta Arabaren ekonomian. 14.500 familia haren mende bizi dira, enpleguaren % 9,4 hain zuzen. “Egoera berri horren aurrean ezin dugu ezikusiarena egin. Zoritxarrez, aurreko gobernu guztiek eta gobernu-erantzukizunak izan dituzten alderdi guztiek hala jokatu dute. Orain azeleratzea dagokigu, trantsizioaren trena ez galtzeko”, adierazi du diputatuak.

Automobilgintza aurrekaririk gabeko eraldaketa globala pairatzen ari da. “Beste talde politiko batzuek, Alderdi Popularrak adibidez, dieselaren gaineko zergaren igoerara eraman nahi dute sektoreak bizi duen egoerari buruzko eztabaida, eta horrela denbora eta ahaleginak alferrik galtzen dira, sektorearen benetako mehatxuei —ibilgailu elektrikoaren produkzioa Txinarantz deslokalizatzea— aurre egiteko moduari buruz egin beharreko gogoetari heldu beharrean”, Uraldek adierazi duenez.

Europako industria kinka larri honetara iritsi da bere autokonplazentziagatik eta gobernuek ez jakinarena eta ez ikusiarena egin dutelako diesel-motorren emisioekin tranpak egiten zituztenean, haien erreskatera ere jo dutelarik zailtasunetan zeudenean (Pive, Renove planak eta abar). Elkarrekin Podemosek azpimarratu duenez, kinka larri horretatik atera daiteke, soil-soilik, industriaren, plantillen eta Administrazioen artean elkarrizketa zintzo bat bideratuz, baina horretarako jarrera-aldaketa ezinbestekoa da. Beste herrialde eta eskualde batzuetan hala jokatzen ari dira dagoeneko, Baden-Wüttemberg eskualdean adibidez, Alemanian. “Deslokalizazio hori saihesteko eta industria horrek Gasteizen zutabe ekonomiko nagusietako bat izaten jarrai dezan, birmoldaketa bat behar dugu industriak lehiakortasunari eutsi diezaion, eta hori ez dugu lortuko, inondik inora, barne-errekuntzako ibilgailuak fabrikatzen jarraitzen badugu. Luzatu gabe egokitze-prozesu justu bati heldu behar diogu, inpaktu negatiboak prebenituz eta bidezko neurriak hartuz, langileak bidean baztertuta ez uzteko”, adierazi du Oscar Fernández Udalerako hautagaiak.