- Koalizioak eskatuko du Okondotik datozen edo hara doazen kamioien trafikoa herriaren erdigunean murrizteko alternatibak azter daitezela eta bizikleta-bide gehiago bultza daitezela.
- Eskualdeko Hirigintza Planak berrazter daitezela eskatuko da, trafikoa arintzeko eremuak txertatzeko aukera aintzat hartuz.
Elkarrekin Podemosek (Ahal Dugu Podemos, Ezker Anitza eta Equo Berdeak) Laudioko Udalera eta Arabako Batzar Nagusietara aurkezten duen kandidaturak Okondotik datozen edo hara doazen kamioiak Laudioko herrigunetik gehiago igaro ez daitezela lortu nahi du, beste lehentasun batzuen artean. Horretarako azterlan bat egingo dugu, kamioien ordez beste alternatiba batzuk ezartzeko aukera aztertzearren.
Mugikortasun jasangarria pixkanaka inplementatzearen alde egin dugun apustuan, oinezko joan-etorriak sustatu beharra azpimarratuko dugu, premian dauden espaloiak egokituz. “Espaloiek gune eroso eta irisgarriak izan behar dute oinezkoentzat. Gaur egun oinezkoak arriskupean sentitzen dira gure kaleetatik ibiltzean, bizikleta edo patinete batek harrapa ditzakeen beldurrez, eta egoera hor aldatu beharra dago ezinbestean. Segurtasuna bermatu beharra dago beraz, eta, horretarako oinezkoen pasabidea eta bizikleta-bidea ongi berezi behar dira, eta Nerbioi eta Karmen kaleetan eta Zumalakarregi etorbidean bide bakarra ezartzeko aukera aztertu behar da, institutuko bidegurutzetik Baias kalearekiko bidegurutzeraino”, zehaztu du Miguel Burdallo Laudioko alkate izateko hautagaiak.
Burdallok gogora ekarri ditu, halaber, Laudioko kaleetan dauden arkitektura-oztopoak. “Espaloiak egokitu behar dira, beheraguneak oinezkoentzako pasabideen zabalera eduki dezan, orain nabari den inbutu-efektua deuseztatzeko”, zehaztu duenez. Bestetik, aparkatzeko arazoak konpontzeko, lehendik dauden guneak birformulatuz plaza gehiago sor litezkeela iruditzen zaio, aparkalekuetarako lurzoru gehiago eskaini beharrik gabe.
Foru-mailan, eskualdeko Hirigintza Planak berrazter daitezela eskatuko da, trafikoa arintzeko eremuak (30 eremuak) txertatzeko aukera aintzat hartuz.
Horrez gain, koalizioak garraioaren jasangarritasuna hobetzea proposatzen du, garraio publikoaren eta eskola-garraioaren lineak aldatuz eta 0 emisioko mugikortasuna erraztuz.
“Garraio publikoaren osagarri, lurralde-eremuko bidegorri seguruen sare baten garapena sustatuko da, biztanle bakoitzeko gutxieneko helburu batzuk ezarriz bizikleta-bideetarako kilometro kopuruari dagokionez. Landaguneak hiriguneekin lotuko ditu sare horrek, baita garraio publikoko lineak inguruetako industrialde eta lantokiekin ere, eta mugikortasun partekatua sustatzeko erregimenak ezarriko dira, horren alde egiten duten enpresa eta erakundeentzako zerga-abantailak barne”, Txema Ruiz de Apodaca Aiaraldeko Batzar Nagusietarako hautagaiak azaldu duenez.
Foru-programan, tarifen gaineko neurriak azpimarratu ditu Elkarrekin Podemosek. Tarifa homogeneoak eskatuko ditugu lurraldeko garraiobide publiko guztientzat, tarifak errentara hobeto moldatuz, abonu sozialak eta familiakoak barne, eta tokiko eta kuadrillako joan-etorrietarako hobariak ezarriz.