- Ahal Dugu, Ezker Anitza IU eta EQUO Berdeak koalizioarentzat lehentasunezkoa da pertsona guztien oinarrizko beharrak betetzea, Beste alderdi batzuek, aldiz, milioi askoko proiektuak baino ez dituzte eskaintzen, jendearengandik urrun dauden proiektuak, edota Saila ezer egin gabe geratzen da, aurreko legegintzaldietan gertatu den bezala.
- Udal- eta foru-kandidaturek plan berriak proposatzen dituzte etxegabetzeen, energia-pobreziaren eta etxerik gabekoen egoeraren kontra borrokatzeko, Cuerdaren garaitik izango den iraultza sozialik handienean.
Gaur goizean Elkarrekin Podemosen kandidaturak Politika Sozialen alorreko bere proposamenak aurkeztu ditu, gure gizartearen pertsona kalteberenen bizitza hobetzeko helburuarekin. Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak koalizioak lortu nahi du Gasteiz eta Araba berriz ere alor horretan erreferenteak izatea, Cuerdaren garaitik iraultza sozialik handiena izango dena proposatuz. ATERPE etxerik gabekoentzako aterpetxearen atean egin da ekitaldia, eta udal- eta foru-mailako hautagaiak egon dira bertan.
Gasteizko Udalarentzat, Gemma Zubiaurrek eta Oscar Fernández Irabaziko egungo zinegotziak hiru ekintza berri nabarmendu dituzte: Udalaren etxegabetzeen aurkako protokoloa hobetzea, energia-pobreziaren aurka borrokatzea, eta etxerik gabekoen egoeraren aurkako plan bat bultzatzea.
Elkarrekin Podemosek planteatzen duenez, energia-pobreziaren egoeran dauden familiei aholku emateko gizarte-langileen talde bat kontratatu behar da, Energia Pobreziaren aurka Borrokatzeko Planaren esparruan. Langile horiek esklusiboki arituko dira argiaren ordainagiria ordaindu ezin duten familien kasuak detektatzen eta kasu horiei erantzuten, baliabiderik ez dutelako neguan berotu ezin diren eta bero kozinatu ezin duten familien kasuekin batera.
Koalizioak Udalaren etxegabetzeen kontrako protokoloa hobetu nahi du, egungoa baino askoz ere eraginkorragoa izan dadin. Horretarako, kaltetutako pertsonei zerbitzu juridikoak eskainiko dizkie, hasieratik kasuaren jarraipena egingo dute, eta bizitegi-alternatiba bat eskuragarri izango dute, etxegabetutako pertsonek behar adinako denborarekin jakin dezaten nora joango diren.
Gainera, Elkarrekin Podemosek Etxerik gabekoen kontra borrokatzeko plan bat sortuko du, Ada Colauk Bartzelonan bultzatutakoaren antzera. Plan horren barruan, etxerik gabekoen autonomiari lehentasuna emango zaio, tutoretzapeko etxebizitzen sare bat sortuz, gizarte-, kultura- eta lan-alorretako ibilbideak bultzatuz, erroldatze unibertsala sustatuz eta etxerik gabekoen kontrako delituetarako protokolo bat abian jarriz.
“Elkarrekin Podemosen pertsonei begira dagoen sistema integral bat defendatzen dugu, pertsonen egoerara egokitu eta pertsonen premiei erantzuten diena. Sustapen soziala izan behar dute azken helburutzat arretak eta akonpainamenduak, asistentzialismo soila gaindituta” adierazi du Gemma Zubiaurrek. “PSOEk gidatutako Gizarte Politiken Sailak jendea hiritik kanporatu besterik ez du egin, 8 euroren truke. Legegintzaldi lotsagarria izan da. Gure hiria ez da jada erreferente bat politika sozialetan, eta hori aldatu beharra dago. Horregatik, pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako plan bat egin nahi dugu, Cuerda alkatearen garaitik Gasteizen izango den iraultza sozial handiena”, nabarmendu du Fernandezek.