Elkarrekin Podemosek babestu egin du Aiaraldeko eta eskualde geografiko bereko Bizkaiko zenbait udalerriren egoera sozioekonomikoa nola hobetu aztertzeko Eusko Legebiltzarrean lantalde bat sortzeko hartutako aho batezko erabakia. Dena den, koalizioan dugun gure legebiltzarkide José Ramón Becerrak kritikatu egin du akordioak suspertze ekonomikorako –lehen sektorea, zerbitzuak, industriaren modernizazioa– azterketa biltzea soilik, egoera sozialaren azterketa alde batera utzita. “Pertsonen bizitza eta eskualde baten egoera hobetzeko, eskualdeko jendeak dituen hezkuntza-, osasun-, etxebizitza-, garraio- edo dependentzia-arloetan dituen premiei ere erantzun behar zaie, eta Legebiltzarraren akordioak ez du hori biltzen”, Becerrak azpimarratu duenez.
Erakundeak nola ari diren inplikatzen aztertzea ere eskatu du legebiltzarkideak. Gure autogobernuak –eta autogobernutik sortutako erakundeek– eskualdeko pertsonen kalitatea hobetu behar du, administratiboki zein udalerritakoak diren alde batera utzita”.
Debatean, Arabako Batzar Nagusietarako Elkarrekin Podemos koalizio barruko EQUO Berdeak alderdiko Txema Ruiz de Apodaca hautagaiaren laguntza izan du José Ramón Becerrak, eta osoko bilkuren aretoko gonbidatuen tribunatik jarraitu du hautagaiak puntu horren garapena. “EAJrentzat eta PSErentzat dena ondo doa Aiaraldean. Aurrerapausoak (gutxi) haien meritu dira eta atzerapausoak koiunturalak. Joko zikinean erori dira debatean, eta hori ez da konstruktiboa eskualdearentzat”, azpimarratu du Ruiz de Apodacak.