Fernandez: “Mundu osoko klima-larrialdi bat ari gara bizitzen eta Gasteizek horren arabera jardun behar du”

  • Zinegotzi berdeak legegintzaldiko azken osoko bilkuran defendatuko duen mozioa aurkeztu du, Green Capital gunean hurrengo hamarkadarako politika berdeen oinarriak ezarriko dituen Trantsizio Ekologikoko Plana sortzeko.
  • “Modu errealean klima-aldaketaren aurka ez jardutea arduragabea izateaz gain, zabarkeria ere bada, Holandako justiziak jada emandako epaiaren arabera, esaterako”, Irabaziko zinegotziak aipatu duenez.

Oscar Fernandezek mozio bat erregistratu du udalaren hurrengo osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin mundu osoko klima-larrialdiko egoera deklaratzeko IPCC Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Lantaldeak landutako txostenen arabera eta nazioarteko komunitate zientifikoa erakusten ari den kezkari jarraikiz. Zinegotzi berdeak azaldu duenez, “gobernu eta enpresek saldu nahi dizkiguten marketin berdeko politikak ez dira nahikoak klima-aldaketa arintzeko helburuak betetzeko, komunitate zientifikoak jada adierazi duenez. Horregatik, larrialdi-egoera deklaratzeko eta horren arabera jarduteko ordua da”.

Fernandezek nabarmendu duenez, mozioak eskatzen du, halaber, ponentzia bat sortzea Gasteizko trantsizio ekologikorako, zeinak elkargune-azterketa abiapuntutzat hartuta udalerriko egoera aztertzeari ere ekingo dion agente politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen parte-hartzearekin, eta zeinaren helburua 2020-2030 aldirako Gasteizerako Trantsizio Ekologikoko Plan bat lantzea izango den. “Epaitegi holandarrek kondenatu zuten jada herrialde horretako Gobernua klima-zabarkeriagatik, 2020. urterako negutegiko gasen emisioak % 25 gutxitzera behartuta, hasiera batean exekutiboak berak markatutako % 16aren ordez. Horrelako epai aitzindariek bidea erakusten digute: politikak ez badu eragiten eta klima-aldaketa serio hartzen, justiziak egin beharko du”, azpimarratu du zinegotzi berdeak.

Fernandezek azpimarratu duenez planetako gazteak altxa egin dira politikaren arloari klima-aldaketaren aurkako egiazko ekintza exijitzeko. Greta Thunberg gaztearekin hasi zen mobilizazio hori abuztuan Suediako Gretaren beraren institutuaren aurrean eta martxoaren 15ean izan du bere puntu gorena, munduko grebarako deialdiarekin, zeinean planeta osoko milioika gaztek parte hartu baitzuten. “Gure hiriak ere, European Green Capital 2012 sariarekin onetsia izanik, klima-grebarako deialdiarekin bat egin zuen, eta ehunka ikasle atera ziren kalera, gurean ere bai, klima-aldaketa arintzeko politika errealak erreklamatuz. Klima-aldaketa horri ez badiogu neurri eraginkorrekin aurre egiten hurrengo hamarkadan, bideraezina izango da gazteria horrek planeta honetan etorkizunik izatea” azpimarratu du Fernandezek. “#Fridaysforfuture eta Gazteria Klimaren alde mugimenduaren eskaerak entzun behar ditu Gasteizek arlo horretako munduko erreferentzia gisa lekua hartzeko. Hiriek borroka horretan duten zeregina funtsezkoa da”, azpimarratu du.

Elkarrekin Podemos koalizioko EQUO Berdeak alderdiko hautagaiak adierazi duenez, “Gasteizek beharrezko osagai guztiak ditu klima-aldaketaren aurkako politika eraginkorrak bide onetik eramateko, eta nazioartean duen bozgorailu-hiriaren rola inspirazio-iturri izan daiteke udal-politiketan egiazko aldaketa bat bultzatzeko. Gainera, Green Capital den aldetik bere gain hartu behar du egungo egoera eta ohartarazi klima-aldaketaren aurrean ezer ez egiteak mundu osoan ziurgabetasunak eta ezegonkortze sozialak baldintzatutako etorkizuna ekarriko duela, eta ezin dugu hori onartu”. “Horrela, duela hiru hamarkada gure hiria orduko joera orokorra azpiegitura grisen garapena bultzatzea zenean, ausarta, aitzindaria eta politika berdeak garatzeko errebeldea izan zen bezala –eta horrek Gasteiz munduko jasangarritasunaren abangoardian jarri zuen–, orain ere iraultza ausart eta bidezko hori berriz egiteko garaia da, XXI. mende honetan gizarte gisa dugun erronka handienari aurre egiteko”, amaitu du Fernandezek.