Gazteei bizi-proiektua eskainiko dien Bilbo bat, Bilbo feminista bat nahi dugu

Podemos, Ezker Anitza eta Equo Berdeak alderdiek osatzen duten Elkarrekin Podemos koalizioak “Bilbo hiri feminista bihurtu behar dela” aldarrikatu du gaur Zorrotza auzoan, “aukera-berdintasuna eskainiko duen hiri, eta gazteei beren bizi-proiektua garatzeko aukera emango dien hiri bihurtu behar dela”. Koalizioko kideek adierazi dutenez, “ezinezkoa da gazteek alokairua ordaindu ahal izatea, 800 € inguruko prezioan dago eta”.

Sader fabrikaren ondoan egin du agerraldia koalizioak, eta Podemosen Bilborako alkategai Ana Viñalsek zera nabarmendu du, “Bilbok bilbotarrak eta auzoak hartu behar ditu aintzat, baina benetan; auzo batean ala bestean bizi, desberdintasunik egingo ez duen Bilbo bat behar dugu, bilbotarrak udal-politiken erdigunean jarriko dituen Bilbo bat, bilbotarrei entzungo dien Bilbo bat, ez daitezen ikusle huts izan”.

Bilbok etorkizunean gainditu behar izango dituen hirigintza-erronkei dagokienez, Elkarrekin Podemos koalizioaren barruko EQUO Berdeak alderdiko zinegotzi eta hautagai Carmen Muñozek zera nabarmendu du, datozen urteotan hiriak “garrantzi handiko proiektuei egin beharko die aurre, hirian eta bilbotarrengan eragin garrantzitsua izango duten proiektuak izango diren aldetik”. Muñozek hainbat proiektu aipatu ditu, hala nola Zorrotzaurreren garapena, Punta Zorrotza edo AHTaren sarrera Abandon; halaber, Hiri Antolamenduko Planaren behin betiko onarpena ere ez da ahaztu behar, “asko baitugu jokoan, eta eragin oso handia izango baitu herritarron bizimoduan; izan ere, proiektu horiek ez lukete auzoetako bizimoduaren ikono harrapakari bihurtu behar”.