Udal-gobernuan dauden bi alderdien (EAJ-PSE) ezbeharrek HMJPren garapen ona eragozten dute
Ahal dugu, Ezker Anitza – IU eta Equo Berdeak alderdiek osatutako udal-taldeak martxoko osoko bilkuran defendatuko du Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren (HMJP) helburuak eraginkortasunez betetzeko helburuarekin udaleko Obren, Zerbitzuen, Hiri Birgaitzearen eta Espazio Publikoen Arloaren (EAJ) eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloaren (PSE) artean koordinazioa hobetzea.
Carmen Muñozek, UdalBerriren bozeramaileak, gogoratu duenez Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren beraren arabera, bide ziklisten sarea handituta konektibitate ziklista hobetzea da bere helburu garrantzitsuetako bat. Aitzitik, salatu du Udal Gobernu honek ezarritako neurriak ikusita, asko geratzen dela egiteko eta interes politikorik ia-ia batere ez dagoela horretarako. “Honen adibide argia da agintaldi honetan eraiki diren bidegorri metro eskasak”.
Muñozek nabarmendu du udal-arloen arteko koordinaziorik eza, eta horrek mugikortasun ziklistatik begiratutako parametroetatik ikusita benetan desegokiak diren obrak egikaritzen direla dakarrela. “Tamalez adibide asko ditugu, besteak beste Jaen kaleko bidegorriaren kasua, zeina bat-batean zintarri batean amaitzen den auto-aparkaleku batekin. Hori gutxi balitz, Eskurtze kalea izango litzateke bidegorriaren irteera logikoa, norantza bakarrekoa den kalea, Amatzolako bidegorriarekin konexioa saihesten duelarik”, azaldu du Muñozek.
“Azken batean, udalean benetan lortu nahi dena mugikortasun jasangarriko eredu bat sustatzea bada, bizikletaren ikuspegi ludikoa gainditu beharko luke udal-gobernu honek, Bilbon indarrez eta konplexurik gabe errotuko den kultura ziklista sustatuta, Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planean adostutakoa errespetatuz betiere”.