EQUOk poz handiz hartu du Elkarrekin Podemosen bat egitea, horrek ahalbidetuko duelako hurrengo udal- eta foru-legegintzaldiak ukitu berde nabaria izatea

EQUO Berdeak alderdian pozik gaude Ahal Dugu Euskadi eta Ezker Anitza alderdiekin lortu dugun akordioarekin, horri esker Euskadin aurrerapausoak eman ahalko baititugu pertsonak –eta ez beste interes batzuk– ardatz izango diren eredu baterantz, gure udalerrientzako justizia sozial eta ingurumen-arloko justizia gehiagoko eredu baten barruan betiere.

Gaur goizean Stella García EQUO Berdeak alderdiko Koordinazio Mahaiko kideak agerraldia egin du, Lander Martínez Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusiarekin eta Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiarekin batera, maiatzaren 26ko udal- eta foru-hauteskundeetarako elkartzeko lortu duten akordioa sinatu ondoren.

EQUO Berdeak alderdia bilgune horretan egoteak ukitu berde nabarmena emango dio hurrengo legegintzaldiari, eta erabat beharrezkoa da hori gaur egun klima-aldaketa ere aztertzeko, tokiko arlo guztietatik eta betiere zeharkakotasunez, horixe baita gizarte gisa aurre egin behar diogun erronka sozial eta ekologiko handiena, maila ekonomikoan, lan-arlokoan, sozialean edo ingurumen-arlokoan dena aldatuko baitu. “ #OlatuBerdea Europa osoan barrena hedatu da jada, hain zuzen ere gazteen eskutik iristen ari da gure kaleetara, klima-urgentziaren aurrean ekintza politikoa eskatzeko manifestazioen bitartez, eta guk erantzun bat eman behar diegu, haiei arreta eskainiz, eta Euskadin politika berdeen erreferentea izan behar dugu, belaunaldi berriei etorkizuna ziurtatzeko haien eskaerarekin bat eginez. Euskadin ere, planetarik gabe ez dago etorkizunik”, azpimarratu du Garcíak.

Itun honi esker, EQUO Berdeak alderdiak toki-erakundeetan jarraituko du lanean, eta gainera, foru- zein udal-hauteskundeetarako hautagaitza berriak izango ditu. “Udal-legegintzako lau urte hauetan osatutako bilguneetan zeregin bikaina bete duten hautetsiek aurrera jarraituko dute baterako lan honi ekarpenak egiteko bidean”, adierazi du, poz handiz, Stella Garcíak.

Gure auzokoentzako bizitza duinak lortzeko ekimenak bultzatu dituzte hautetsi berdeek beren ibilbidean: buru-belarri aritu dira etxebizitza bat edukitzea guztiontzat benetako eskubide bat izan dadin; beren herriak toki inklusibo eta feminista bihur daitezen, inor ere atzean utzi gabe; eta erdigunearen mesede egiteko auzoen garapena bertan behera gera ez dadin. Energia-pobrezia arintzeko mobilizatu dira, energia garbi eta berriztagarrietan oinarritutako eredu bateranzko trantsizioan aurrera egiteko, non energia guztion esku egongo den eta ez soilik oligopolio elektrikoaren esku; eta hiri berdeak sustatu dituzte, oinezkoentzako toki gehiago eginez eta mugikortasun jasangarria sustatuz, pixkana-pixkana ibilgailu pribatuaren tokia hartzeko. “Azken batean, hautetsi guztiei esker Euskadik behar duen aldaketara hurbildu dute herria, eta bide beretik jarraituko dute lanean, etorkizunera begirako lan-ildo estrategikoek biltzen dutenari jarraikiz”.

Amaitzeko, EQUO Berdeak alderdiko Koordinazio Mahaiaren ordezkariak adierazi du akordio-erabaki hau hartzerakoan alderdi ekologistak parte hartzeko, hitz egiteko eta adostasuna lortzeko barne-bide guztiak errespetatu dituela, eta horrek ituna kideen babesarekin lortzeko aukera eman duela.