- Jada egungo Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren Planean bilduta dauden superretxadiak eta Ziklisten Mugikortasunaren Gida Plana garatzea eskatzen du zinegotzi berdeak.
- Fernandezek adierazi duenez, udal-gobernuak ez du sinesten herritarren parte-hartzean, ezta mugikortasun-arloan ere.
EQUO Berdeak alderdiko Gasteizko Alkatetzarako hautagai eta Irabazi koalizioko zinegotzi Oscar Fernandezek defendatu duenez, udalak kontsentsu politiko eta soziala berreskuratu behar du Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren Plana garatzeko. EAJk eta PPk tranbia Salburura eta Zabalganara eramateko lortutako akordiorako zuzenketen debatean egin da eskari hori, beharrezko debatea eta kontsentsua ez duen proiektu baten harira, hain zuzen ere, eta ez du halako kontsentsurik ez udalean, ez gizartean. “Zentzu onak esaten digu Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspena egin arte itxoin behar dugula Elkargunearekin arlo tekniko politikoan eta herritarren arloan adosteko zer garraio publiko ezarri behar den planaren hurrengo fasean”, Oscar Fernandezek adierazi duenez. Zinegotzi berdeak gogorarazi du hiru erakundek ere utzi egin dutela Mugikortasun Elkargunea ez zaielako produktiboa iruditu, ez delako inolako parte-hartzerik izan.
EQUO Berdeak alderdiak uste duenez, indarreko Mugikortasun Planaren ebaluazioaren arabera, neurrien % 29 geratzen da oraindik egikaritzeko. Hasierako planean proiektatutako 77 superretxadietatik, 19tan soilik garatu dira jardunak, eta modu desberdinean garatu ere. Gainera, oinezkoen erabilerarako guztizkoaren gaineko azaleraren kuotak % 27an geldituta jarraitzen du. Superretxadiak eta hiri-bideak bultzatzeko premia erakusten digute datu horiek, Mugikortasun Planaren oinarriak baitira eta lehen postuan daude hierarkia modalean (espazio publikoa eta oinezkoen mugikortasuna). Horri dagokionez, bizikleta-erreietan metro gehiago lortzeko egikaritzapen-maila % 25era iristen da soilik eta bide ziklista berriena, aldiz, % 14 barregarri batera. Datu hauek ikusita, oso garrantzitsua da, halaber, Ziklisten Mugikortasunaren Gida Plana ere bultzatzea.
Fernandezek azpimarratu du gobernu honek ez duela herritarren parte-hartzean sinesten, ezta mugikortasuna bezain gai garrantzitsu batean ere, eta bere proiektu partidisten aldeko apustua egin du beti. Zinegotzi berdeak defendatu duenez, “udalak herritarrei entzun behar die, baita Mugikortasun Elkarguneari ere. EQUO Berdeak alderditik kontsentsura itzuli nahi dugu mugikortasun-arloan; horregatik eutsi egiten diogu Elkarguneak abenduko osoko bilkuran aurkeztutako mozioa onartu ondoren bota zigun erronkari, eta tranbiari buruzko akordioa ezabatu eta superretxadien eta Ziklisten Mugikortasunaren Gida Planaren garapenarekin ordeztea proposatzen dugu, Mugikortasun Planean bertan ezarritakoari jarraikiz”, amaitu du Oscar Fernandezek.