Komunikatua martxoaren 15eko klimaren aldeko grebari babesa emateko

EQUO Berdeak alderdiak babesa eman nahi die Europa gainezka betetzen ari diren eta azkenean honaino ere iritsi diren mobilizazioei.

Datorren martxoaren 15erako (ostirala) ikasleek grebarako deialdia egin dute Espainiako 30 hiri baino gehiagotan eta hiru euskal hiriburuetan, klima-aldaketaren aurkako ekintza politikoak eskatzeko. Alderdi berdeak babesa ematen dio berotze globalaren aurkako borrokarekin zerikusia duen edozein ekintzari, eta kasu honetan ere herritarrei dei egiten die gazteen, ikasle eta irakasleen eta beste kolektibo batzuen elkarteek deitutako grebari babesa eman diezaioten.

Alderdi ekologistak ondo daki ze garrantzitsua den gazteei planetarekiko errespetua transmititzea. Horregatik, poz handiz hartu dugu Europatik olatu berdea ekarriko duen “Gazteak klimaren alde” plataforma sortu izana.

EQUO Berdeak alderdiak gazteen ahots eta mezuak arretaz entzuten ditu, eta ordezkaritza duen erakundeetatik lanean jarraituko du pertsonak eta ingurunea zaintzearen aldeko politika publikoak bultzatzeko, bere konpromisoari eutsiz.

IPCC Klima Aldaketaren Gobernu arteko Panelak klima globalarekin gertatzen ari denari buruz ematen dituen datuak eztabaidaezinak dira: muturreko fenomeno atmosferikoek zerikusia dute ozeanoetako itsas gainazalaren tenperaturarekin, eta azken 50 urteetan giza jarduerak sortutako bero gehigarriaren % 90 jaso dute ozeano horiek. “Berotze globalaren ondorio negatiboak murrizteko erantzukizuna eta betebeharra dugu. Gainera, klima-arrazoien ondoriozko errefuxiatuak gerren ondoriozkoak baino gehiago dira, gaur egun. Urgentzia begi-bistakoa da”.