Change the Change konferentziaren harira
- Alderdi ekologistaren iritziz ezer gutxirako balio du Change the Change bezalako konferentziak egiteak Eusko Jaurlaritzak berak aldi berean berotze globalaren aurkako borrokaren nazioarteko helburuak urratzen dituzten instalazio oso kutsatzaileak sustatzen baditu
Eusko Jaurlaritzak sustatutako Change the Change nazioarteko konferentziak eta Euskadiko klima-aldaketaren asteak balio gutxiko ekimenak izango dira, EQUO BERDEAK alderdiaren ustez, aldi berean Gobernuak nazioarteko erakundeek sinatutako klima-aldaketa arintzeko konpromisoak bete gabe uzten baditu. Ekitaldi horiek garatzen diren lurralde berean, Gobernuari eusten dioten alderdiek –EAJk eta PSEk– Zubietako erraustegia jarriko dute martxan, Zabalgarbin dagoenari gehitu beharrekoa, Petronor enpresaren ondoren Euskadiko CO2ren bigarren emisiogune handiena Zalbalgarbi bera dela kontuan izanda. Euskal Autonomia Erkidegoko bosgarren gune kutsatzaile handiena izango da Zubietako instalazioa.
Gobernua kontraesanetan erortzen da etengabe klima-aldaketarako egokitzapen-politikak aplikatu eta aldi berean planetaren eta planetako biztanleriaren etorkizuna mehatxatzen duen fenomeno hori bultzatzean.
Hori dela-eta, EQUO Berdeak alderdiak koherentzia eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko estrategian. Apustu irmo, ausart eta jasangarria erreklamatzen du alderdi berdeak hondakinen kudeaketan, eta errausketa eta hori bezain kutsagarriak diren praktika guztiak alde batera uztea. “Gobernuak legitimitate osoa galtzen du gizateriak duen erronka handienari ekiteko herritarrak mobilizatzeko eta kontzientziatzeko deialdia egin eta aldi berean tratamendurik gabeko hondakinen erreketaren alde eginez jarraitzen duenean, erreketa hori izugarri kutsatzailea baita. Eskatzen diegu alde batera utz ditzatela interes ekonomikoak, korporazio handien aurrean atzera egin ez dezatela eta ekonomia zirkular erreal baten alde egin dezatela”, alderdi berdean esaten dutenez.
EQUO Berdeak alderdiak uste du akatsa dela gobernuek klima-aldaketa aurre egin beharreko arazo gisa kontuan hartzen jarraitzea, eta egoera hori maila guztietan –ekonomikoa, soziala eta ingurumen-arlokoa– aldaketa-aukera handi bat bezala ez ikustea. “Enplegua sortzeko aukerak, adibidez, ugariak dira, hainbat sektore –hala nola energia berriztagarrien sektorea, hiru urrezko arauetan oinarritutako hondakinen kudeaketa (murrizketa, berrerabilera eta birziklatzea), agroekologia…– sustatzearen aldeko benetako apustua egiten bada… Erronka horri ausardiaz, zeharkakotasunez eta gehiago berandutu gabe aurre egiten badiogu, gizarte justu eta jasangarriago baterantz aurrerapausoak emango ditugu esparru guztietan”.