- Elkarrekin Podemosek berriz azaldu du Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek jarduera planak behar dituztela atmosferako kutsadura dela eta.
- “Administrazioak behartuta daude neurriak hartzera eta herritarrak informatzera kutsaduraren mugak gainditzen ari garela”, esan du Joserra Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak.
Elkarrekin Podemosek jakinarazi du 2017an udalerri nagusiei galdetu zietela —Bilbori, Donostiari, Gasteizi eta Barakaldori— ea nolako protokoloak dituzten atmosferako kutsadurarako, eta haietako inork ez zuen jarduera planik.
“Handik bi urtera, berdin jarraitzen dugu, eta administrazioak ez dira ari herritarren osasuna babesten”, esan du Joserra Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, eta azaldu du Bilbok bai onartu zuela jarduera plan bat baina ez dela aplikatzen ari, Udalberrik atzo salatu zuen bezala.
Ezkerreko euskal koalizioaren ustez, ez dago borondate politikorik herritarrei aire osasungarri bat bermatzeko, nahiz eta Administrazioak legez egon behartuta berehalako neurriak hartzera baldin eta kutsaduraren alerta mugak gainditzen badira; izan ere, kutsadura maila horietan gizakiaren osasuna arriskuan dago.
“Esku hartze protokolorik ez, eta gainera Osasun eta Ingurumen Sailak geldirik daude, noiz eta zenbait enpresatan kutsadura puntualak jazotzen ari baitira, hala nola Muskizen, Durangon, Zorrotzan eta Elorrion, eta horrek herritarren ezinegona handitzen du”, salatu du Becerrak.
Azkenik, Becerrak jakinarazi du Eusko Legebiltzarrak onartua duela 2018ko urrian Elkarrekin Podemosen ekimen bat zeinetan Eusko Jaurlaritzari hertsatzen zaion berma dezala airearen kalitatea, eta egin dezala diagnostiko bat eta jarduera plan bat; baina Jaurlaritzak ez du ezer egin hura martxan jartzeko.
“Ez dugu ulertzen Jaurlaritzak zergatik ez duen legea betetzen. Ez du ezer esatekorik, edo herritarren osasuna ez dago haren lehentasunetan?”, esan du Becerrak amaieran.