- Alderdi ekologistak nabarmendu egin nahi ditu José Ramón Becerra legebiltzarkide berdeak Elkarrekin Podemos koalizioan egindako ekarpenak
EQUO Berdeak alderdiak Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Energia Jasangarritasunari buruzko Legea onartu izana txalotzen du. Gainera, kontuan hartzekoa da testua aurrera atera dela helburu askoz ere handiago batzuekin orain urtebete eta erdi Gobernuko kide diren EAJk eta PSEk ezarri zituztenak baino.
Hau da, araua nabarmen hobetu da Elkarrekin Podemosek talde jeltzalearekin eta sozialistarekin lortutako akordioaren ondorioz, eta José Ramón Becerra legebiltzarkide berdeak egindako lana funtsezkoa izan da zeregin horretan.
Akordio horren helburu nagusiak honako hauek ziren: araua sektore pribatura (industria, merkataritza, garraioa eta etxebizitza) zabaltzea; energia aurrezteko helburu lotesleak ezartzea, epe jakin batzuekin; Udalei finantzaketa bermatzea, etorkizuneko legeak eraikin, flota eta instalazioak egokitzeko eskatutako inbertsioak ordaindu ahal izateko; eta Legea betetzen dela bermatuko duen zehapen-erregimen bat egitea.
EQUO Berdeak alderdiaren ustez, euskal energia-eredu berri bateranzko trantsizioa hasteko aukera emango du Lege berriak, bai sektore publikoan, bai pribatuan, hau da, industrian, merkataritzan, garraioan eta etxebizitzan. Alderdi ekologistak nabarmendu duenez, toki-administrazioek funts publiko bat edukiko dute eskura, energia-kontsumoa 2030erako % 35 eta 2050erako % 60 murrizteko behar diren inbertsioak finantzatzeko, eta Legeak energia % 100 berriztagarria kontratatzeko bidea erraztuko du. Alderdi berdeak nabarmendu nahi izan du, halaber, Legearen eraginez administrazioek herritarren eta gizarte-eragileen benetako parte-hartzea bermatu beharko dutela energia aurrezteko politikak diseinatzeko lanetan.
Alderdi ekologistaren ustetan, Legea indarrean hasi eta ezartzearekin batera energia ziurtatzea ere lortuko da, hau da, bi urte baino lehen eraikin publiko guztiek energia-auditoria gainditu beharko dute, eta, horrez gain, 2030 baino lehen eraikin horien % 40aren energia-kalifikazioa nabarmen hobetu beharko da. Hirigintza-planetan oinezkoen eremu eta bidegorriei lehentasuna ematea ere lortu da, baita garraio publikoko floten teknologia egokitzea ere, efizienteagoak eta jasangarriagoak izan daitezen.
“Gure proposamenen asmoa zen asmo handiagoko Lege bat sortzea, Euskadik behar duen energia-trantsizioan erabakigarria eta ekonomia garatzeko eta pertsonen bizitza hobetzeko ezinbestekoa izango den Legea. Eta azkenean lortu dugu. Hobea ere izan liteke, baina Lege hau ona da, nolanahi ere”, adierazi du José Ramón Becerrak, EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkideak. Halaber, Becerraren ustez arau hori “lagungarri izan liteke klima-aldaketa globalaren aurkako borrokan, eta Parisko Klimaren Goi-bileran hartutako nazioarteko konpromisoak lortzeko bidean”.