Ezezko botoa emango diogu Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako onarpenari

Ahal Dugu, Ezker Anitza – IU eta Equo Berdeak alderdiek osatutako koalizioa aste honetan bildu da Asier Abaunza Hiri Plangintzako egungo zinegotziarekin, koalizioak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren gainean duen jarrera azaltzeko. UdalBerriko kideek 53 proposamen landu dituzte guztira, eta proposamen horietatik uko egin ezinezko 10 mahaigaineratu dituzte negoziazioaren esparruan, datorren bi hamarkadetarako Bilborentzat funtsezkoa den plan horrek koalizioaren ikuspegia modu konstruktiboan txertatzeko aukera izan dezan. Hiriaren ikuspegi gizatiarrago eta jasangarriago bat.

UdalBerriko bozeramaile Carmen Muñozek udal-gobernuaren aldeko jarrera balioan jarri nahi izan du, baina, azaldu duenez, negoziazio-esparru hori denboran luzatuko da hasierako bigarren onarpenerako. “Orain arte bilera bakar bat izan da, eta, hilabete honetako osoko bilkurari begira, dagoeneko ezinezkoa da egungo proiektuan aldaketarik egitea. Horregatik eusten diogu Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria onartzeko ukoari, eta negoziazio-epe berriak irekiko ditugu, betidanik aurrera eraman dugun oposizio konstruktiboari jarraikiz. Akordioak beti dira posible, baina kasu honetan denbora behar dute, baita borondate politiko handia ere”, Muñozek adierazi duenez.

Koalizioak salatu nahi izan duenez, oso denbora gutxi eman diete jasotako dokumentazio zabala aztertzeko eta, ildo horretan, planaren garrantziaren araberako gogoeta bat egin ahal izateko. “Gure ustez, jarraitu beharreko izapidea aldez aurretik behartu da lehen onarpena azkarregi gauzatzeko, eta, horrela, oposizioak egin beharreko lana itoarazi dute, haren maniobratzeko ahalmena mugatuta”.

Denborak ere herritarren kontra joan dira, eta hori oso larria da. “Entregatutako memorian, edukien gainean herritarren parte-hartzea bideratzeko konpromisoa zegoen jasota, eta begi-bistakoa da ezinezkoa gertatu dela konpromiso hori ezarritako denboretan gauzatzea. Beste behin ere ikusi dugu gobernu hau ez dela parte-hartzearen gaia gainditzeko gauza”, kexatu da Muñoz.

Bere garapenean, Udalberrik eta herritarrek egindako ekarpenen zati bat galdu du planak

Planaren edukiari dagokionez, ezkerren koalizioko kideek uste dute planaren garapenean galdu direla haien taldeak zein herritarrek funtsezkotzat jotzen dituzten zenbait gaitan –etxebizitza, ekipamenduen blindajea, ingurumenaren babesa, jarduera ekonomikoa, mugikortasun jasangarria, hurbileko berdeguneen horniduren hobekuntza, eta Planaren kudeaketa— egindako ekarpenen zati bat.

Carmen Muñozen ustez, plan horrek, egun dagoen egoeran, ez du ez anbiziorik ez ikuspegirik, datozen 20 urteetan Bilbon izango diren premiak ez dituelako betetzen, eta sortuko diren erronkei ere ez dielako heltzen. “Adreiluan eta proiektu handien distira itsugarrian zentratutako plana da. Hortaz, hiriaren etorkizuneko helburu eta erronkak ez ditu bere gain hartzen, esaterako, etxebizitza birgaitzea, biztanleria zahartzea, etxebizitza eskuratzea edota ekipamendu sozialak eskuragarri edukitzea, eta ekonomiaren alorreko konpromisoak saihesten ditu, auzoetan oreka soziala bermatzeko behar diren ekintzei dagokienez”.

Gainera, koalizioko kideek uste dute plana malguegia dela, malgutasuna, beharrezkotzat jotzen duten arren, “ezin datekeelako inoiz txeke zuri bat bihurtu”, argitu dutenez. “Planak ekar lezake hiriak jarduera ekonomikoa galtzea, enplegua sortzearen kaltetan eta etxebizitza-eraikuntzaren mesedetan”, kexatu da Muñoz.

Horregatik guztiagatik, eta udal-gobernuak aurkeztutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra Udalberrik defendatutako hiri-ereduarekin bat ez datorrela uste dutenez, koalizioak 10 proposamen oso zehatz jarri ditu mahai gainean, negoziazioaren esparruan:

Carmen Muñozek 6 ardatz estrategikotan laburbildu ditu neurri horiek:

SOZIALKI OREKATUTAKO HIRI BAT:

Etxebizitza pertsona guztien eskura jartzeari dagokionez, hiri-garapen berrietarako konpromiso bat eskatzen dute, babespeko etxebizitzak legezko gutxienekoaren gainean erreserbatzeko. Izan ere, gaurko egunean Udalak gutxieneko estandarra betetzen du, besterik ez .

Auzoak suspertzeari dagokionez, auzoen arteko oreka hobetzeko eskatzen dute, erdialdeko barrutian lortutako plusbalioen zati bat aldirietako auzoetan inbertituz.

Gainera, herritarren interes orokorreko edozein erabilerari lotutako ekipamendu-lurzoru publikoa arau bidez babesteko eskatzen dute.

EKONOMIKOKI AKTIBOA DEN HIRI BAT

Jarduera ekonomikorako lurzorua babesteari dagokionez, “erabilera mistoa”, Planaren apustu handietako bat izaki hasierako memoria guztietan agertzen zena, Punta Zorrotzara eta Zorrotzaurrera murriztu da. UdalBerrik bizitegitarako eta jarduera ekonomikoetarako erabilerak mistifikatzeko bermea eskatzen du, bi jarduera horietarako ezarritako antzeko gutxieneko batzuk hiriaren gainerako eremuetan ere ezarriz.

Ekipamendu pribatuen lurzorua arautzeari dagokionez, haren birmoldaketarako muga bat jarri beharko litzateke. Ekipamendu pribatuak interes orokorreko jarduera ekonomiko bat dakar, eta haien ustez jarduera horren ordez beste bat ezar liteke, behin interes orokor hori desagertzen denean. Horregatik eskatzen dute birkalifikatutako ekipamendu pribatuetarako lurzoruak birjartzeko berme bat.

HIRI-BIZIGARRITASUNA

Planaren jarraipenari dagokionez, Planean hiri-adierazle batzuk biltzeko eskatzen dute proposatutako hirigintza-eraldaketaren jarraipena egin ahal izateko, eta lehendik dauden arriskuekin — hala nola inpaktu akustikoa, airearen kalitatea, uholdeak izateko arriskua edo lurzoruen kutsadura— zerikusia duten ingurumen-adierazleen bilakaera neurtzeko.

NATURA-INGURUNEAREN BABESA ETA INTEGRAZIOA

Lurzoru natural eta urbanizaezinari dagokionez, Espazio Libreen Sistema Orokorrari buruzko proposamen zehatzak eskatzen dituzte. Barrutien arteko banaketa orekatua eskatzen dute, landa-parkeetako lurzoruaren lorpen publikoaren bitartez zabaltzeko konpromisoarekin.

Itsasadarraren ertzeko eta Cadaguako pasealekuei dagokienez, sistema orokorrak direla aintzat hartzeko eskatzen dute, haien erabilera publikoa eta babes naturala sustatzeko, ekosistema naturalari eragiten dioten proiektuen kopurua mugatzeko moduan.

Lurzoru naturaleko erabilerei dagokienez, berriz, lurralde-antolamenduko tresna berriek ezarritako erregimena errespetatzeko eskatzen dute, lurzoru horiek lehen mailako ustiapenarekin zerikusirik ez duten erabilera pribatuetara zabaltzeko aukera ezabatuz.

HIRI-JASANGARRITASUNA BERMATZEKO PLANA

Funtsezkotzat jotzen dute aparkalekua erabilera osagarritzat jotzen duen erregimenaren berrikuspen integrala. “Eraikina zenbat eta handiagoa izan aparkalekua ere orduan eta handiagoa behar duela esaten dute, eta onartezina da arau hori soilik aintzat hartzea, eraikin motak bereizi gabe. Horrek ibilgailu pribatuaren erabilera areagotzea dakar, besterik ez”.

HIRIAREN KUDEAKETA PUBLIKOA

Higiezinen merkatuko esku-hartze publikoaren irizpideari dagokionez, lurzoruaren udal-ondarearen kudeaketa eta erabilerak eskatzen dituzte, baita hiriaren birkualifikazioa eta etxebizitza ere. Eta horrek esan nahi du onbideratzeaz eta birgaitzeaz hitz egin beharra dagoela. Azken batean, inbertsio publikoaren bidez auzoen arteko oreka berriz ere ezartzeaz.