- Babes-maila horrek otsoaren egoera basakatuaren, erbinude zuriaren, gabiraiaren eta martin arrantzalearen egoerarekin parekatzen du, nahiz eta otsoa espezie askoz ere mehatxatuagoa den Euskadin.
EQUO Berdeak alderdia pozten da otsoa interes bereziko espezie gisa katalogatu izanaz, baina uste du hori ez dela nahikoa, otsoak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi duen egoera hain zaila kontuan izanda. Euskadin otsoa desagertzeko arriskuan dagoen espezie gisa katalogatua izatea nahi zuen alderdi berdeak, bizirauteko probabilitate txikia duen espeziea baita. Eusko Jaurlaritzak azkenean erabaki du animalia Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzea, baina interes bereziko espeziera jaitsi du otsoaren arrisku-egoera. Desagertzeko arriskuko egoera da egoera guztien artean larriena eta espeziei babes handiena ematen diena, eta interes bereziko egoera, aldiz, laugarren mailan dago, mehatxatutako espezien arteko txikiena.
Alderdi ekologistaren ustez, “beren balio zientifiko, ekologiko edo kulturalarengatik edo beren berezitasunagatik arreta berezia merezi duten espeziei” eskainitako bereizketa hori labur geratzen da. Otsoak ez du desagertzeko arriskuan dauden gainerako espezien babes bera jasoko, eta babes hori behar du, espeziearen kalteberatasuna eta egun Euskadin duen populazio-estatusa kontuan izanda. ”EQUO Berdeak alderditik eskatzen dugu desagertzeko arriskuan dagoen espezie gisa katalogatua izan dadila, horrela espeziea blindatu egingo baita, eta interes berezikotzat sailkatuta, aldiz, beti dago jardunbide desegokietara eta bere kontserbazioa arriskuan jartzen duten neurrietara irekia. Eusko Jaurlaritzak ezin izan du gainditu erabakia hartzeko beldurra, eta atzera egin du sektore ekonomiko jakin batzuen presioaren aurrean, datu zientifikoei kasu egin beharrean”, esan du Jon Ruiz de Infantek, EQUO Berdeak alderdiko biologo kontserbazionistak.
Alderdi berdeak gogorarazten duenez, Euskadiko Otso Taldeak eta beste hogeita sei GKEk dokumentu tekniko zabal bat entregatu zioten Eusko Jaurlaritzari, zeinean sobera justifikatuta geratzen diren otsoa Mehatxatutako Espezien Euskal Katalogoan sar dezatela eskatzeko argumentuak. Gainera, herritarren 54.000 sinadurak baino gehiagok babesten dute erreibindikazio hori.
Bere erabakia berriz pentsa dezala eskatzen dio EQUO Berdeak taldeak Jaurlaritzari, eta otsoa desagertzeko arriskuan dagoen espezie gisa kataloga dezala.